Euskal Hirigune Elkargoarentzat ur biltegi baten eraikuntza egiten ari zen hildakoa Urruñako Xukutun bidean. Bertze langile bat larri zauritu da. Eraikuntza bertan behera utzi dute ikerketak dirauen artean.
Duhalde eraikuntza enpresako langile bat zendu da ostegunean goizeko 9:15 inguruan Urruñako Xukutun bidean. Euskal Hirigune Elkargoak kontrataturik ur edangarri biltegi berri bat eraikitzen ari zirela izan da istripua. Elkargoak jakinarazi duenez, sokorri zerbitzuek ezin izan dute langilea suspertu.
Bigarren langile batek ere istripua pairatu du, eta larriki zauriturik, helikopteroz Baionako erietxera eraman dute. Istripuaren arrazoiak argitzeko ikerketa abiatu dute polizia judizialak eta lan ikuskaritzak, eta ikerketak dirauen artean obrak geldirik izanen dira.