51 urteko langilea Berriobietioko Rocópolis enpresako rokodromoan ari zen lanean.
Astearteko goizeko 10:15ean gertatu da lan istripua, Bideberri poligonoan kokatzen den Rocópolis enpresan. Nafarroako Foruzaingoa eta Osasun zerbitzuak bertaratu dira, baina ez dute langilea bizirik mantentzea lortu. Nafarroako Auzitegi-Medikuntzaren eta zientzia kriminalistikoen institutura eraman dute gorpua autopsia egiteko. Nafarroako Foruzaingoa gertakaria eragin duten faktoreak ikertzen ari da, lekukoen adierazpenak jaso eta instalazioen baldintzak ikertuta.
Urteko zortzigarren hildakoa
ELAk Nafarroako gobernuari eskatu dio “segurtasun neurri egokiak aztertzeko” eta azpimarratu du Nafarroan “lan heriotzen gehiengoa goitik eroritako lan istripuak” izaten direla, Naiz-ek jaso duenez. Gainera, azken egunetan eman diren lan heriotzen gertakariak ikertzeko beharra nabarmendu du sindikatuak.
Enpresak adierazi du instalazioak martxoaren 2ra arte itxita egongo direla. Aurten Euskal Herrian gertatu den zortzigarren lan heriotza da. Astelehenean bertan beste heriotza bat gertatu zen, Lantaron herriko (Araba) piroteknia enpresa batean.