Lanean ari dira Orion erre den itsasontziak ibaia eta itsasoa kutsatu ez ditzan

  • Eusko Jaurlaritzak Itsasertza Planaren alerta fasea ezarri zuen ostegunean, eta itsasontzia buiekin hesitu dute. Oria ibaiak eta Kantauri itsasoak bat egiten duten lekuan erdi hondoratuta dago. Gure Gaskuña ontziak 70.000 litro erregai ditu barnean. Leihoak ixteko gomendatu die Aiako eta Orioko herritarrei. 


2026ko irailaren 25ean - 12:01
'Gure gaskuña' itsasontzia, Orioko itsaso aldeko portuan erdi hondoratuta. @BomberosEuskadi
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Guka hedabidearen arabera, ostegunean 11:45ean piztu zen sua Gure Gaskuña Ondarroako (Bizkaia) itsasontzian, eta suhiltzaileek eta itsas salbamenduko ontziek gauean lortu zuten itzaltzea. Suteak zabaldutako kea arnasteagatik hiru pertsona artatu zituzten, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak leihoak ixteko gomendatu zien Aiako eta Orioko herritarrei.

Orioko Udalak zabaldutako oharrean azaldu bazuen ere airearen kutsadura ez zela "larria", hondartza eremua ixtea erabaki zuen, baita aire libreko hondartza eta ibai inguruko jarduerarik ez egitea gomendatu ere. Gaur zabalik dago hondartza eremua. 

Sutea itzalita, itsasontziak dituen 70.000 litro erregaiek eta bestelako substantzia toxikoek itsasoa eta ibaia kutsatu ez ditzaten lanean ari dira. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak Itsasertza Planaren alerta fasea ezarri du, eta itsasontzia buiekin hesitu dute –erregaia itsasora isuriz gero, ez zabaltzeko–. Hain zuzen, Oria ibaiak eta Kantauri itsasoak bat egiten duten lekuan dago erdi hondoratuta, itsaso aldeko portuan. 


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.