argia.eus
INPRIMATU
Landaretxo bat
  • Haurrak 11 urte ditu. Baloiarekin jolasean ari da, eta halako batean landare bat jo eta hondatu egin du. Loreontzi batean bizi den hosto lodiko landaretxoa da. Baloia jaso du. Papertxo batean ohartxo bat idatzi eta landarean utzi du. Eta alde egin du.

Jakoba Errekondo 2020ko irailaren 25a

Landarearen zaintzailea iritsi denean, paper muturra ikusi eta hartu du. Paperean bost euroko billetea dago. Papereko oharra irakurri du. Landareari begiratu eta zerura begira jarri da. Ortzi-mugatik haratago begirada galdua duela konturatu den arte. Malkoei eusten ari da. Atzera landareari begiratu dio.

Landarezainak bizilagun du Giovanni Grandi. Hau irakaslea da. Paduako Unibertsitatean bi irakasgai emandakoa “Antropologia filosofikoaren oinarri teoriko eta historikoak” eta “Gatazkaren analisia, justizia formak eta erremediatze praktikak”. Egun Triesteko Unibertsitateko irakasle da, Politika eta Gizarte Zientzien sailean, eta Filosofia Morala irakasten du.

Giovanniren bizilagun landarezainak landarean topatu duen paper muturra erakutsi dio. Bi, hiru aldiz irakurri du bertan idatzitakoa. Bizilagunari begietara begiratu eta, honek ez, malkoei ezin eutsi die.

Baretu denean halaxe esan du irakasleak: “Unibertsitateko Etika Publikoko nire hurrengo ikastaroa has daiteke soilik honekintxe”.

Paper muturrean haurrak idatzitako oharrak hala dio: “Kaixo, sentitzen dut landareagatik: nahi gabe futboleko baloi batekin jo nuen. Hemen bost euro kalteagatik”. Sinadura du azpian.

Besteekiko arreta eta erantzukizuna hartzeko eta konponketaren aldeko jarrera hori azaltzeko gaitasuna azpimarratu beharko genuke. Baina hori dena landare soil batengatik; landaretxo batengatik! Guk zer egingo genuke haur horren tokian izan bagina?

Hortxe alde garrantzitsuena: landare bat. Zuhaitz handiena balitz ere, gehienontzako landare bat besterik ez litzateke. Ezer ez, ez ohar eta gutxiago eurorik merezi ez duena.

Behin gertatu zitzaidan Gipuzkoako Foru Aldundia egiten ari zen bidelan batean, aldameneko zuhaitzak eta arbolak hondatu eta nik haien jabe zen udalaren izenean bertaratu beharra, obrako ingeniariarekin konponketaz hitz egiteko. Ingeniari harroputzak hala esan zidan: “Zuhaitz horien kalteak? Mesedez, guk bideak egiten ditugu!”.