argia.eus
INPRIMATU
“Lanbideren aurrean biluzik” ekintza egin dute Barakaldon, emakumeen egoera salatzeko
  • @EcuadorEtxea-ren bideoan ikus daitezke emakumeak "biluzten" Lanbidek Barakaldoko Beurko auzoan duen bulegoaren aurrean, martxoaren 5 goizean. Berri-Otxoak taldeak eta Argitan Emakumeen Etxeak deitu duten ekintza honekin salatu dute emakumeek pairatzen dituzten prekarietatea, pobrezia eta murrizketak.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2018ko martxoaren 05

 

Barakaldoko emakumeen errealitatea, datuetan

- Emakumeen langabezia tasa %16,7koa da, gizonena %13 denean.

- Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzen duten Barakaldoko 3.154 bizikidetza-unitateetatik, %56etan emakumeak dira titularrak.

- Bere pentsioa DSBEarekin osatzen dutenen %65,3 emakumeak dira, hauetatik 261 alarguna.

- Lanerako pizgarriak edo laneko diru-sarreren osagarriak jasotzen dituztenen %62,5 emakumeak dira.

Pobrezia amaituko duen lege eskaera

Eusko Jaurlaritza lantzen ari den DSBEren erreformak murrizketak ekarriko dituela aurreikusten dute mobilizazio hau deitu dutenek, eta murrizketa hauek emakumeengan eragin zuzena izango dutela salatu dute. Honen ordez, pobrezia amaituko duen legea egitea eskatu dute eta pobreziak "emakume aurpegia" duela gogorarazi dute.

M8an greba egiteko deia

Langabezian dauden, enplegu prekarioak dituzten edo prestazio sozialak jasotzen dituzten emakumeei dei egin diete martxoaren 8ko greban parte hartzeko. Modu honetan, osasunean, zerbitzu sozialetan, hezkuntzan eta dependentzian egindako murrizketak, emakumeen lan, denbora eta osasunaren bizkar egiten direla salatu nahi dute.