Lanbide Heziketa Dualeko praktiketan eta horietarako enpresa bilaketan aldaketa zehatzak eskatu dituzte

  • Lehenengo mailako praktikaldiak bertan behera uzteko, bigarren mailakoen ebaluazioa “zerbait egingarria” bihurtzeko eta enpresa-bilaketa “irakasleen borondate huts” izan ez dadin administrazioak hainbat neurri bideratzeko proposamen zehatzak egin dizkio Lanbide Heziketa Defendatzen irakasle taldeak Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.


2026ko irailaren 29an - 05:49
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Lanbide Heziketaren Espainiako azken legeak hasieratik sortu du kezka hainbat irakasleren artean. Sistema Dualak ekartzen du ikasleek lehenengo mailatik egitea praktikak enpresetan eta gainera dio enpresek ikasgaietako edukiak eman eta ebaluatuko dituztela. Irakasle horien arabera, baina, “gezurra” da enpresek halakorik egingo dutenik. Ondorioetako bi: praktikak egiteko enpresak topatzeko “gero eta zailtasun gehiago” batetik, eta “eduki teknikoen galera” bestetik, enpresa-ordu gehiago izateak ekarri duelako klase-orduak murriztea –suposatzen da enpresetan emango dituztela eduki horietako batzuk ikasleek–. Ikastetxe bakoitza erabakiak bere kabuz hartzen ari dela salatu du Lanbide Heziketa Defendatzen taldeak, EAEko dekretua oraindik ez delako argitara eman.

Legea “egingarri” bilakatzeko proposamenak

Legeak ekarri dituen kezka nagusiekin manifestua atera zuen taldeak, eta sinadura bilketa egin ostean, Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin bildu zirela kontatu dio irakasle taldeak ARGIAri. Espainiatik datorren legea dela eta ezin dela ezer egin erantzun zieten. “Orduan, erabaki genuen legeak dakartzan hainbat arazorentzako irtenbide zehatzak proposatzea”, azaldu digute. Adabakiak direla, baina legea gauzagarriago egite bidean ekarpenak direla gehitu dute. Sailburuordetzari bidali zizkieten proposamenak, eta joan den ikasturte bukaeran bildu ziren, “baina ez zuten borondaterik ezer adosteko, itxurakeria baino ez zen; ordutik ez dugu haien berririk izan eta ikasturtea hasi dugu aurrekoa bezalaxe, inolako aldaketarik egin gabe”.

Lehenengo mailako formazioa osorik ikastetxean izatea eskatu dute. Bestela, praktikak hain goiz txertatzean “ikaslea enpresa baten behar zehatzetarako trebatzen ari gara, ez  profesional bat hezten”

Hiru dira taldeak helarazitako proposamenak. Batetik, lehenengo mailako ikasleen praktikak derrigortzeak ez ikasleei, ez enpresei, ezta irakasleen lan-kargari onurarik egiten ez diela iritzita, lehenengo mailako formazioa osorik ikastetxean izatea eskatu dute, “oinarri sendoak bermatzeko”. Bestela, praktikak hain goiz txertatzean “ikaslea enpresa baten behar zehatzetarako trebatzen ari gara, ez lan-merkatu oso baterako prest dagoen profesional bat hezten”, diote.

Bestetik, legeak dio enpresetako praktiketan ikasleek jorratuko dituztela hainbat ikasgairen ezagutza edo eduki batzuk, “praktikek ikasgai batzuekin inongo loturarik ez dutenean, zer esanik ez ikasle bakoitza enpresa ezberdin batera doanean”. Errealitatean, “inork ez du sinesten enpresetan jakintza curricularrak emango dituztenik”, diote, eta enpresetako jardunaren ebaluazioa aldatzea proposatu dute, edozein ziklotako edozein modulurako baliagarria litzatekeena: ikaslea “lan-ingurunera egokitzen da (zeharkako gaitasunak: puntualtasuna, ordena, antolamendua...), eta ikasgelan eskuratutako ezagutzak praktikan jartzen eta sakontzen ditu (gaitasun teknikoak)”.

Azkenik, ikasleen praktikaldirako enpresen bilaketan administrazioaren erantzukizun handiagoa eskatu dute. “Katalunian adibidez badago departamentu bat, horretan laguntzen duena”. Hiru puntu jarri dituzte mahai gainean: “Administrazio publikoak (Osakidetza, aldundiak, udalak...) bere burua enpresa formatzaile gisa eskaini behar du, plaza dualen ehuneko bat bermatuz. Bigarrenik, “ikastetxeen arteko ‘borroka’ ekiditeko, administrazioak enpresa-banku bat kudeatu beharko luke”. Eta hirugarrenik, “Dualera sartzeko gutxieneko asistentzia eta gaitasun teknikoak finkatzea” dagokio administrazioari.

Finean, ez dute nahi Lanbide Heziketa “enpresen beharren araberako kudeaketa pribatu eta ordainketa publikoko eredu bat izatea”.

Praktiketarako enpresen bilaketan "ikastetxeen arteko ‘borroka’ ekiditeko, administrazioak enpresa-banku bat kudeatu beharko luke"

Dekretuaren zain

Eusko Jaurlaritzak ez du oraindik legearen EAErako dekretua egin. Hiru urteko trantsizio fasea ezarri zuten muga gisa, eta hau da hirugarren urtea, beraz pentsatzekoa da laster prestatu eta argitaratuko dutela dekretua. Testuinguru horretan, euren eskaerak aintzat hartzea nahi du Lanbide Heziketa Defendatzen taldeak.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Lanbide heziketa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.