Lanbide Heziketa (LH) gero eta zentralagoa bihurtu da hezkuntza sistemaren barruan, ikasle gero eta gehiagok aukeratzen baitute bide hori. Eta azken hamarkadetako bilakaerari perspektibaz begiratuz gero, joera argia ikus daiteke: ikastetxeetan ematen den prestakuntza, pixkanaka, baina etengabe, murriztuz joan da.
Idatzi honen helburua LHren historiaren errepaso bat egitea ez izanda ere (badaude horretarako lan interesgarriak), gainetik begirada bat botata, argi ikus daiteke prestakuntza-ibilbideak etengabe murrizten joan direla. Eta denbora murrizketa horrekin batera, oinarri tekniko sendoen eta lanbide bakoitzaren ikuspegi eta ezagutza orokorra ere murrizten joan da.
Garapen horretan sakonduz, Lanbide Heziketa antolatu eta integratzeko 3/2022 Lege Organikoaren ezarpenak aldaketa berriak txertatzen ditu LHko irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan. Luzeegia litzateke espazio honetarako legeak dakartzan aldaketa eta zabaltzen dituen bide berrien zerrendatzea bera.
Gaur, arduratzen gaituen aldaketa esanguratsu batean zentratuko gara: eredu dualaren orokortzea. Zertan datza hezkuntza duala, baina? Ikastetxean emandako prestakuntzaren eta enpresetako egonaldien arteko konbinazioan oinarritzen den eredua da.
Horrela esanda eredu desiragarria dirudi. Ikasleek lan-ingurune errealak ezagutzea esperientzia baliagarria izan daiteke, ez dugu ukatuko. Baina aurreko ereduarekin ere hori bera bermatuta zegoen. Arazoa ez da enpresetan praktikak egitea (jada egiten ziren), praktika horiek curriculumaren barruan hartzen duten rol aldaketa baizik.
Irakasgai espezifiko baten bidez baloratzen ziren praktikak, orain irakasgai bakoitzaren ikaskuntza-prozesuaren parte bihurtzen dira. Hezkuntza dualean, zikloa osatzen duten irakasgaien Ikasketa Emaitzen (IE) (arlo bakoitzeko jakintza teknikoak) %10 eta %20 artean enpresetan egindako praktiketan lortu behar dituztela zehazten da. Lanbide Heziketan lan egin duen edozein irakaslek badaki hori ezinezkoa dela.
Legeak aurreikusten du ikasle bakoitzak, praktikak egiten dituen enpresaren arabera, prestakuntza-plan pertsonalizatua izatea, enpresako egonaldian IE jakin batzuk garatzen direla bermatzeko. Praktikan, ordea, hori ezinezkoa da bermatzen (denbora nahikoarekin ikasleak hartuko dituzten enpresak ezin jakin, aurretik ikasle bakoitza zein enpresara joango den ezin jakin, ikasleak zehazki garatuko duen lana ezin jakin…).
Enpresa bakoitzak bere jarduera eta berezko dinamikak ditu. Horrek esan nahi du enpresa bakoitzean IE jakin batzuk soilik landu ahal direla, eta gainontzekoak ikastetxean garatu behar direla. Kontuan hartzen badugu ikasgela batean 25 ikasle egon daitezkeela eta, kasu askotan, bakoitza enpresa desberdin batera joango dela praktikak egitera, prestakuntza-ibilbidearen ustezko pertsonalizazioa malabarismo ariketa oso konplexu baten eta ezinezkoaren artean kokatzen da. Are gehiago gaur egun ditugun baliabide eta koordinazio-denborekin.
Eta hori guztia, ikastetxeetan gero eta nabarmenagoa den errealitate baten aurrean: ikasleak hartzeko prest dauden enpresak aurkitzeko zailtasuna. Lege berriak, gainera, 1. mailan enpresetan prestakuntza-aldia egin behar izateak, ikasle kopurua gutxienez bikoiztea dakarrenean (bitartekorik gabe egin beharreko lan berria delarik).
Udalek, Aldundiek, Jaurlaritzak, enpresa publikoek, zentro teknologikoek eta administrazioaren menpeko beste erakunde batzuek ekarpena egin zezaketen enpresetako praktikaldietarako sare nahikoa bermatzeko; ez baitirudi zentzuzkoa enpresak bilatzeko ardura guztia ikastetxeen eta irakasleon gain uztea.
Baina errealitatea da Hezkuntza Sailak erantzukizun guztia ikastetxe bakoitzaren gain utzi duela, irizpide argirik zehaztu gabe edo irizpideak etengabe aldatuta. Ikastetxe/departamentu bakoitzean nahi/ahal duguna egiten ari gara, hau da, hezkuntzaren unibertsaltasuna bertan behera geratu da. Hamaika dira enpresetako esperientzia modu errealistagoan integratzeko irakasleok asmatzen ari garen bideak.
Beraz, nola ulertzen dira enpresan egiten diren praktikak? Jasotako jakintzan sakontzeko eta lan-munduarekin lehenengo kontaktu bat izatetik, badirudi lege berriarekin helburu huts bat bilakatu dela praktikak egitea. Logika benetan arriskutsu bati ateak parez pare zabaltzen zaizkio: enpresan edozein IE ikasi badezakete, zertarako LH bera?
Bestalde, sistema berrantolatze hau, irakasgai guztien ordu kopurua gutxituz ematen da. Ordu murrizketa zeharkako irakasgai berriei lekua eginez egin da, curriculumak errealitate berrira egokitu gabe. Ondorioa agerikoa da: ikasgela barruan denbora gutxiago eduki berak lantzeko.
Egoera horrek guztiak antolakuntza mailan, maila pedagogikoan eta baita etikoan ere tentsioak sortu ditu ikastetxeetan. Irakasleok egoera zail batean aurkitzen gara: benetan bermatu ezin diren IEk egiaztatu behar izatea.
Baina eztabaida hau ez da soilik tekniko-pedagogikoa. LHk jendartean izan behar duen paperari buruzko eztabaida ere bada. Izenak berak, pertsonak lan mundura bideratutako hezkuntza bat jasotzea iradokitzen du, baina LH etengabe lan-merkatuaren berehalako beharretara egokitzera mugatu behar al da? Ala sektore guztietan, edozein delarik enpresa, lan egin eta hain modan dagoen berrikuntzan parte hartu dezaketen profesionalak sortzera bideratu behar da? Hezkuntza, edozein etapakoa dela, ez litzateke mugatu behar mundua den bezala onartzera.
LHk gure jendartea hobetzen laguntzeko gaitasuna ere badu: ezagutza sendoak transmitituta, kultura profesional zorrotza sustatuta eta etorkizuneko langileak prestatuta, sektoretan integratzeko ez ezik, sektore hori eraldatzeko gai izan daitezen.
LH garrantzitsuegia da lan-merkatuaren eskarietara egokitzeko tresna soil bihurtzeko. LH publikoaren kalitatea defendatzeak esan nahi du, besteak beste, ezagutza, ikastetxeetako prestakuntza eta irakasleon papera defendatzea.
Horren guztiaren inguruan hausnartzeko eta eztabaidatzeko, LHko irakasleontzako jardunaldi bat antolatu dugu ekainaren 13rako, larunbata, 10:30ean Bilboko Alde Zaharreko La Bolsan (Pilota kalea 10). Bertan, Fernando Solerren hitzaldiaz gain, gure kezken/ezinegonen/zalantzen inguruan aritzeko espazioa ere egongo da. Galderak mahai gainean ditugu, zer motatako Lanbide Heziketa eraiki nahi dugu? Lege berriak horretan laguntzen gaitu?
Lanbide Heziketa Defendatzen
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.