Behe Banda

2026ko irailaren 13an - 21:12
Azken eguneraketa: 23:07
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Kutxi kalean pote bat hartzetik bueltan nator etxera eta pozik nago. Iraila da, ikasturte berria hasi da niretzat eta nini izatetik pasa eta lan bat aurkitzeko garaia nire lagunentzat. Lagun batzuentzat. Asteazken arratsaldez pote bat hartzeko aukera izan dugu, betiko kontuez eta kontu berriez hitz egin eta etxera noa. Uda batek ez zaitu hainbeste aldatzen.

Lana du buruan jendeak nire inguruan. 2026ko promoziokoek eta besteek ere bai. Gradua amaitu berri duten lagunek curriculum erdi hutsa egin eta edonora bidali dute. Esperientzia gabe lortu dezakezun eta bizitza ahalik eta gutxien jango dizun lan bat aurkitzeko. Ahal bada ordutegi ez oso izugarri eta soldata ez oso baxuarekin. Ahal bada ikasi duten hori praktikan jartzeko lana. Ahal bada laster utzi eta beste bat bilatzea lagako dien lana.

Karrera aurreko urteren bateko ekainean amaitu ez zuena ere lan bila dago. Edo langabezia noiz amaituko zaion zain, lan baten bila jartzeko. 25 urtetik gorako lagunak izatearen abantaila, bizitza lanaren inguruko elkarrizketa luze bat dela jakitea. Lanik gabe egotea edo lana edukitzea, zein ote beldurgarriago?

Lana duenak lana utzi nahi du, nagusia kabroi hutsa delako, gutxi ordaintzen diotelako eta ordu gehiegi egin beharra duelako. Laneko kideek enpresa Olentzeroren opari gisa jasoko dutela uste dute eta kafeak jarri bitartean irribarre egin behar duzu. Kontratuaren baldintzetan letra xehez idatzita zegoen: lan honek beste ezer egiteko gogoak kenduko dizkizu. Behean zeure izena eta sinadura jarri zenituen.

Kontratuaren baldintzetan letra xehez idatzita zegoen: lan honek beste ezer egiteko gogoak kenduko dizkizu

Lana duten batzuek ez dute lana utzi nahi, baina lanik ez egitea gustatuko litzaieke denei. Nork erabaki zuen denbora eta indarra saldu beharko genituela bizitza duin baten truke? Bai, badakit badagoela munduan lanik egin behar ez duenik, eta berak duenarekin gainontzeko gizaki guztiok ondo bizitzeko adina duenik, baina aurreko galdera iritzi artikuluetan hain ohikoak diren galdera erretoriko horietako bat da, besterik ez. Zapata pinpirin horiek erosteko lau ordu egin behar ditut lan: 15 euro bider 4 ordu = Taiwanen ume esplotatu batzuek egindako zapata gorri monisimoak.

Astelehenetik ostiralera (kasurik onenean) lanean pentsatzen egotera kondenatuta. Udalean edo irakasle, kubatak jartzen edo arropa tolesten. Lan egin bitartean lan egiteari utziko diozunean egingo duzun horretan pentsatzen. Goizaldeko aitorpena: “Egitan, nik zuekin bizitzeko etxe bat ordaintzeko nahi dut lan egin”.

Lanak lan, nik bihar unibertsitatera joan behar dut eta zortzietan esnatu. Adostu dugu, ostiralean afaria etxean, patata tortilla eta kuiatxoak york eta gaztarekin. Elkarrekin bizi garela performatuko dugu nahiz eta gutako inork ezin duen oraindik gurasoen etxetik kanpo bizi. Oraingoz iraila da eta ez dugu lanik eta hurrengo irailean ikusi beharko.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Gizartea
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.