Lan Harremanen Kontseiluaren ustez euskaraz negoziatzeak “ez du zertan oztopo izan” akordioa lortzeko


2026ko uztailaren 9an - 10:16
Azken eguneraketa: 12:49
Emilia Malaga, Lan Harremanen Kontseiluko presidentea. LHK
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

ELA sindikatuak astearte honetan iragarri du irailetik aitzin Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lan hitzarmen kolektiboak euskara hutsean negoziatuko dituela, nahiz eta parekoak itzulpenik ez jarri. Horretarako, sindikatu abertzaleak Eusko Jaurlaritzako Lan Harremanen Kontseiluari (LHK) eskatu dio negoziazioak euskaraz egin ahal izateko baliabideak jar ditzatela, sindikatuaren arabera, gaur gaurkoz ez baitira existitzen.

Bada, lan gatazketarako Jaurlaritzaren artekaritza organoak asteazken honetan erantzun dio ELAri, 2025eko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako negoziazio kolektiboen balantzea aurkezteko eginiko agerraldian. Emilia Málaga LHK-ko presidenteak erran du euskaraz negoziatzea “ez dela oztopo” akordioa lortzeko. Hori bai, LHK-k argitu du gaur egun ez duela itzulpen zerbitzurik, eta negoziatzaileen esku jartzen dituen aholkulari teknikoak elebidunak diren arren, hori “ez dela haien lana”.

Itzulpen zerbitzuak egon behar duen ala ez, hori negoziatzaileek erabaki beharrekoa dela uste du Málagak; sindikatuek eta patronalek erabakitzekoa, alegia. “Negoziazioak bi aldekoak dira hemen; guk ezin dugu haietan parte hartu, ezta zer baldintzatan egin erabaki ere”, adierazi du LHK-ko presidenteak. Aditzera eman du itzulpena ezarri beharko balitz, aurrekontu handiagoa beharko lukeela LHK-k. LAB sindikatuak begi onez ikusi du ELAren erabakia; CCOO eta UGT sindikatuak, berriz, aurka agertu dira.

46 negoziazio mahai

Málagak zehaztu du gaur egun LHKren egoitzetan eta haren teknikarien aholkupean negoziatzen direla Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore mailako lan itun gehienak. Gaineratu du 46 direla orain zabalik dauden negoziazio mahaiak. ELAk 27 negoziazio mahai aipatu zituen, horietan baitu euskaraz negoziatzeko nahikoa trebetasun duen ordezkariren bat, baina guztietara zabaltzea da asmoa.

LHK-ko presidenteak onartu du negoziazio horiek “hein handi batean” gaztelaniaz egiten direla, baina egon badaudela euskaraz egindakoak, eta jendeak “nahi bezala” hitz egiten duela, euskaraz edo gaztelaniaz.

Málagak erran du ez duela orokortu nahi, baina, haren ustez, negoziazio mahaietan euskaraz aritzea ez dela oztopo akordioetara ailegatzeko: “Negoziazio kolektiboa beti da zaila, baina ni ez nintzateke ausartuko pentsatzen jendea ez dela euskaraz negoziatzeko gai. Uste dut ez duela zertan oztopo izan, baina ez dut espekulatu nahi”. Agerraldi osoa gaztelaniaz egin du.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Euskara kanalean gehiago
2026ko uztailaren 15
Zeroak II

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...