Administrazioan Euskaraz Taldeak “penagarritzat” jo du Iruñeko Udalak (EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo Zurekin) 2024tik hona lan deialdietan euskara txertatzeko egin duen bidea. Gobernu taldeak “marka guztiak” apurtu dituela adierazi du. “Harrituta eta kezkatuta” daude alderdi abertzaleen jokabidea ikusita.
2024ko urtarrilean, zentsura mozio baten ondorioz UPN gobernutik kenduta, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo Zurekin alderdiek hartu zuten Iruñeko Udaleko gidaritza. AET administrazioan Euskaraz Taldeak bi urte eta erdiko errepasoa egin du eta ondorioztatu du “egin behar ez denaren eredu” izan dela. Langile taldea gaztelaniadun elebakarrez osatzen joan izana kritikatu du eta horrek euskaldunen hizkuntza eskubideetan ondorioak izan dituela azpimarratu.
UPNko alkate Yolanda Barcinaren eredua aplikatu izana egotzi dio AETk oraingo udal gobernuari. Hala, oposizio-lehiaketak egin beharrean, (merezimenduak baloratzen dira) euskara baloratu behar ez izateko oposizioak egin izana leporatu diote. Taldeak dio 1979tik “gutxitan eta gutxi” puntuatu dela euskara Iruñeko Udalean. Dena den, Euskararen Ordenantza aldatu bitartean Barcinaren udal gobernuak A eta B mailetan euskara %5 puntuatu behar izan zuela gogorarazi du. Gehitu du gobernu taldeak “marka guztiak” apurtu dituela, “nahiko zaila bazen ere”.
Udal gobernuak 69 lan deialdi egin dituela azaldu du AETk. Horietatik bostetan euskaraz jakitea eskatu du. Taldeak adierazi du “kopuru txikia” dela, baina plantilla organikoaren ondorioz dela horrela. Lanpostu elebidunak (euskara/gaztelania) %5,34 dira eta haur eskoletako datuak ez dituzte hor sartu. Beste 64 deialdietatik 62tan euskara ez da kontuan hartu, salbu eta behin Poliziaren Legeak behartuta puntuatu zelako eta Babes Zibileko laguntzaileak hartzeko (sanferminetan, zortzi egunetarako).
Ondoko herrietan eragina
Iruñeko Udalaren jokamoldeak eremu mistoko beste udaletan ondorioak izan dituela nabarmendu du taldeak, nahiz eta ez duen jo bere eredua euskararen aurkako ondorioen erantzule bakartzat: merituen dekretuaren irizpide murriztaileak, euskararen aurkako epaileen oldarraldia eta PSOEren eragina ere aipatu ditu. Atzerapausoak eman dituztenen artean aipatu ditu Zizur Nagusiko eta Burlatako udalak.
Bi udalak eredugarritzat zituen Administrazioan Euskaraz Taldeak, izan ere, jendaurreko lanpostuetan euskara %10 puntuatzen zuten eta gainerako lanpostuetan %5. Orain bi udaletan oposizioak egiten hasi direla salatu du taldeak, eta beraz, euskara ez dutela puntuatzen.