“Lan deialdien erabakietan presente egon dira PSE-EE eta CCOO, eta ez dute eragozpenik jarri”

  • Errenteriako Udaleko lan deialdi batean, euskara eskakizuna medio, helegitea aurkeztu du oposizioan izena eman ez zuen pertsona batek. Udalak eten egin du prozesua, baina ez dago behin betiko itxita. Judizialki amaieraraino heltzeko asmoa adierazi du Aizpea Otaegi alkateak.

    Lan deialdi horri sabotajea egin diotela argitaratu du ARGIAk aste honetan. Besteak beste, plataforma euskarafobo baten bidez nola antolatu ziren kontatu dugu, eta horren atzean aritu diren eragileen berri eman dugu; tartean daude CCOO sindikatuko hainbat kide.

Aizpea Otaegi, asteazken goizean egindako agerraldiaren ostean, ARGIAri eskainitako elkarrizketan. Gorka Peñagarikano / ARGIA CC BY SA
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.

2026ko martxoaren 11n - 20:00
Azken eguneraketa: 21:04
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Udal gobernu gisa egin duzue agerraldia. Podemosekin gobernatzen duzue. Zer dio Podemosek honetaz guztiaz?

Prentsaren aurrean aurkeztu dugun oharrarekin ados zeuden. Ez dakit besterik.

CCOOk ordezkaritza du Errenteriako Udalean. Haiekin hitz egin duzue?

Ez. Oso berria da kontu hau, eta ez dugu bilerarik izan. Baina azpimarratu nahiko nuke CCOO badela udalaren parte. Ordezkaritza daukate, badaude sindikatuak presente dauden mahai guztietan, eta agerraldian ideia hori nabarmendu nahi izan dut: lan deialdiaren oinarriak ez direla bat-batean harturiko erabakien ondorio, eta ez dela era inprobisatuan egin, baizik eta hau guztia datorrela dokumentu askoren onarpenen ondoren. Dokumentu horiek onartu dira hainbat organo eta espaziotan, eta tartean, sindikatuak ordezkatuta dauden espazioetatik ere pasa dira. Baina ez diete eragozpenik jarri.

Atzeko atetik egin da.

Alde batetik, bide logiko eta demokratikoak erabili ordez, auzitegien bidea hartzea ez dugu ulergarritzat jotzen. Bestetik, asmo politiko jakin bat daukaten plataformak erabili dira. Eta azkenean, azterketan izena eman ez duen pertsona batek airean utzi ditu 860 hautagairen etorkizunak lanbideari dagokionean.  

"Bide logiko eta demokratikoak erabili ordez, auzitegien bidea hartzea ez dugu ulergarritzat jotzen"

Oposizioan dago alderdi sozialista. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, PSE-EEk “enplegu eskubidea” ipintzen du “hizkuntza eskubidearen” gainetik. Errenterian kritikatu dizuete lan deialdia eteteko erabakia.

Enplegurako eskubidea, jakina, eskubidea da; baina enplegurako eskubidea eta administrazioan lan egitea ez dira gauza bera. Administrazio publikoan lan egiteko eskubidea ez da existitzen bere horretan. Administraziorako sarbidea printzipio batzuen barruan egin behar da, eta uste dut herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea oinarri-oinarrizko eskubidea dela. Horregatik, enpleguaren eta hizkuntza eskubideen inguruan egiten ari diren eztabaida uste dut pertinentea dela; hor planteatzen ari direnak dira hizkuntza berdintasunaren printzipioa, herritarrek hizkuntza hautatzeko eskubidearena eta malgutasunarena. Jakina, malgutasunez jokatu beharko dugu, ezagutzen dugulako zein den gure errealitate soziolinguistikoa. Baina nahi baldin badugu administrazio elebiduna, ezinbestekoa zaigu euskara, gaztelaniarekiko tratu berarekin onartua.

PSE-EEri dagokionez, CCOOri buruz esan dudan gauza bera: bide orri honen parte dira. Orain helegitea aurkeztu zaion deialdi honen partaide ere badira nolabait. Honaino iristeko hartu diren erabakietan presente egon dira, eta ez dute eragozpenik jarri. Daukaten iritzia hori baldin bada, uste dut ez dutela haien lana ongi egin orain arte.

Ez da Errenteriara mugatzen hizkuntza eskakizunen auzia. Marko zabalagoa du. Nola eragiten dio honek guztiak euskarari eta euskaldunoi?

Atzeraldian gaude. Orain arte ontzat ematen ziren hainbat printzipio eta kontsentsu zartatzeko borondatea ikusten dut. Alde batetik, tinko jarduteko unea dela uste dut, erabakimenez aritzekoa; baina egia da, baita ere, bestelako tresna batzuk ere behar ditugula, berme juridiko batzuk.


Oldarraldia ikerketa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.