Lakabe, Ametxe, Aginaga Biziberritzen, Aleka, Errigora eta Etartie proiektuak ezagutu nahi?

  • Maiatzaren 16an III. Udaberriko Festa izango da Amillubi proiektuan, Zestoako (Gipuzkoa) Iraeta auzoan. Goizean, bi mahai-inguru izango dira. Lehenean, ekoizpen proiektu kolektiboek hartuko dute hitza: Aleka, Errigora ta Etartie. Bigarren mahai-inguruan, amets kolektibo izatetik praktikara pasatu diren esperientziak arituko dira hizketan: Lakabe, Ametxe eta Aginaga Biziberritzen. Mahai-inguru horien ostean herri bazkaria egingo dute eta arratsaldean hainbat kultur ekitaldi izango dira.


2026ko maiatzaren 13an - 09:00
Azken eguneraketa: 2026-05-18 12:08
Iazko Udaberriko Festako mahai-inguru bat.
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Ametsek lurra hartzen dutenean du izenburu Amillubiren III. Udaberriko Festari hasiera emango dion mahai-inguruak. 10:00etan hasiko da, eta Lakabe, Ametxe eta Aginaga Biziberritzen proiektuetako kideak arituko dira elkarrizketan. Laborantza ekologikoaren aldeko Biolur elkartea da Amillubi proiektuko sustatzailea, eta bertako kideek azaldu dutenez, Amilibia baserria eta bere lurrak kolektiboki erosteko azken txanpan daude (hemen egin daiteke ekarpena), eta aldi berean, etorkizunean egoitza eta lur horietan zer proiektu martxan jarriko dituzten hausnartzen ari dira, Utopiak eraikitzen izena jarri dioten prozesu kolektiboaren bidez. Goizeko mahai inguru hau gogoetarako baliagarri izango zaiela diote Amillubiko kideek: "Hiru esperientzia hauek, guretik desberdinak izan arren, badute ezaugarri komun bat: pertsona talde txiki baten amets gisa sortu ziren, eta gaur egun ibilbide oparoa egina dute. Haien esperientzietatik ikasi nahi dugu, bai asmatu dutenetik, bai bidean izandako erronketatik".

Ekoizpen kolektiboen esperientziak

Bigarren mahai-inguruak Lur bizia, herri bizia du izenburu eta 12:00etan hasiko da. Ekoizpenean zentratuko da, baina kolektiboan egiten duten proiektuetan. Horrelakoak dira mahai-inguru horretan bere esperientzia kontatuko duten Aleka, Errigora eta Etartie. Amillubiko kideek azaldu dutenez, mahai-inguru horrek ere badu lotura Amillubiren etorkizunari buruz egiten ari diren hausnarketarekin: "Interesgarria da agroekologiari lotutako ekoizpen proiektu kolektiboek zer nolako aukerak, erronkak eta heldulekuak dituzten aztertzea. Besteak beste, elikadura burujabetza, auzolana eta ekoizpen eta kontsumo eredu alternatiboak mahai gainean jarrita".

Bazkaria eta arratsalde kulturala

Bertako produktuz osatutako bazkaria 14:30ean hasiko da, eta txartelak aurrez erosi behar dira (10 euroan helduena eta 7 euroan umeena, hemen dago aukera).

Bazkalostean kultur ekitaldi oparoa antolatu dute: PObrESIAK hitz esanen emanaldiarekin piztuko du bazkalostea Aimar Uribesalgok.

Jarraian, Eli eta Manex Pagolak bertsoak eta musika elektronikoa uztartuta belarriratuko dizkiete entzuleei.

Babarrunba taldeak askatuko ditu gerriak, euskal kanta herrikoiak runba doinuan eskainita.

Amaitzeko, Ainhoa eta Gorane DJen Txantona Garrote emanaldiak jarriko dio ginga egunari: Txanton(a) Garrote eszenatokira igo zen momentuan inspiratutako musika saioa da, Urolan XVIII. mendean herritarrek elikagaien eta lurren inguruan egin zuten borroka gogora ekarriko duena.

Hemen dituzue egunari buruzko xehetasun eta ohar praktiko guztiak: aparkalekua, mugikortasun beharretarako kontaktua eta abar.


Agroekologia kanalean gehiago
2026ko ekainaren 10
UEUren jardunaldia ekainaren 19an
Politika publikoekin nola bultza elikadura burujabetza?

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.