argia.eus
INPRIMATU
Lagun Arok dio pentsioak ziurtatuta daudela Fagor Etxetresnen egoeraren aurrean
  • Jakinarazpen ofizial bidez Lagun Aro BGAEk lasaitasun mezua zabaldu du Fagor Etxetresnen egoera zailaren aurrean: pentsioak ziurtatuta daude, mota horretako funtsak “oso zorrotz” araututa baitaude.

ARGIA @argia 2013ko urriaren 19a
Fagor Etxetresnen egoerak sortutako ezinegonaren aurrean lasaitasun mezua zabaldu du Lagun Arok (argazkia: Noticias de Gipuzkoa).

“Ezarrita dauden pentsioei aurre egiteko behar adina kapital izan behar ditu eratuta fondoak”, azaldu du Lagun Arok Goienak publikatu duen oharrean.

Ez hori bakarrik, “hornidura tekniko guztiak estalita izatea eta %4ko aparteko kaudimen-marjina izatea eskatzen du, gutxienez, erregelamenduak”. Gauzak horrela, pentsioekin lotutako konpromisoei erantzuteko moduan da Lagun Aro, agirian azaltzen duenez.

Langabeziarako kuotak gora

Enpleguari laguntzeko prestazioez ere hitz egiten du Lagun Arok aipatutako oharrean. Gaur egun 35 milioi eurotik gorako saldoa dauka funts horrek aseguru-etxeak jakinarazi duenez.

Kopuru horrekin eta bildu beharreko kuotekin, lanik gabe geratu diren kooperatibisten prestazioei erantzun ahalko die Lagun Arok. Horretarako, oharrean diotenez, “igo egingo dira kooperatibek prestazio hori finantzatzeko ordaindu beharreko kuotak”.