Aixeindar enpresak 200 metroko zortzi haize errota eraikiko ditu, 40 MW ekoizteko gaitasunarekin. Astelehenean ailegatu da 24 paletako lehena Labrazako tontorrera. Proiektuaren aurkako mugimenduek salatu dute herritarren borondatearen aurka ezarri dela, biodibertsitatea kaltetuko duela, eta "kapitalismo berdearen" mesedetan egiten ari dela.
Aixeindar enpresa zortzi errotako makroproiektu eolikoa egiten ari da Labrazan (Araba); Iberdrolak (%60) eta Energiaren Euskal Erakundeak (%40) osatzen dute sozietatea. 2025eko azaroan hasi ziren eraikuntza lanak, eta 2006tik Araban eraikiko den lehen makrozentral eolikoa da. 200 metroko zortzi haize errota jartzea dute asmoa, eta guztien artean 40 MW-ko energia lortzeko gaitasuna izanen lukete. Bada, astelehen honetan eraikuntza lanek pauso bat egin dute aitzin; 24 paletatik lehena, 72 metro luzeko pieza, Marañongo mendilerroaren tontorrera garraiatu dute, errepide estu eta bihurgunetsuetan barrena.
ElCorreo egunkariaren arabera, egunero bi pala garraiatzea aurreikusten dute, irailaren hasierarako prozesu osoa osatu ahal izateko. Behin 24 palak zortzi sorgailuetako oinarrietan kokatuta, muntaketa lanei ekinen diete. Vocentoko egunkariak jaso duenez, haize errota horiek urtea amaitu baino lehen hasiko dira biraka eta energia ekoizten.
Maiatzean, hainbat ekintzailek eraikitze lanak geldiarazi zituzten: bortz pertsonak, lurraren alde lelopean, haize errotaren oinarria izanen den plataforma erraldoira kateatu zuten euren burua. ARGIAk albiste honetan bildu zuen goiz hartan gertatukoa. Ekintza baketsua izan arren, Ertzaintzak lau ekintzaile atxilotu zituen, eta gau berean aske utzi.
EH Bizirik sareak berehala gaitzetsi zituen atxiloketak, eta bi elkarretaratze egin zituen Gasteizen eta Donostian, proiektua geldiarazteko "gorputza jarri" zuten ekintzaileei elkartasuna adierazteko. Era berean, taldeak bat egin zuen ekintzaileek burutu zuten ekimenaren arrazoiekin, eta nabarmendu zuten proiektuak hasieratik herritarren aurkakotasuna jaso duela.
Izan ere, herriko ordezkariek salatu izan dute auziak herriaren autonomia, ondarea eta etorkizuna jartzen dituela jokoan, are gehiago kontuan hartuta herrian ezin direla eguzki plakak teilatuetan jarri ondare-babesagatik, baina kilometro batera makrozentral eolikoa eraikitzen ari direla. Labrazako Kontzejua ere hasieratik kontra agertu zen. Oiongo Udalak, berriz, Plan Berezia onartu zuen, administrazio-aginduek behartuta zegoela argudiatuta.
Herritarren borondatearen aurkako inposaketa dela salatzeaz gain, Araba Bizirikeko kide batek ARGIAri azaldu zion proiektuak ingurunea eta biodibertsitatea kaltetuko dituela. Erakundearen arabera, "balio ekologiko handiko korridore natural bati" eraginen dio. Horrez gain, bereziki kezkatuta daude "EAEko alepo pinudi natural bakarrari egin diezaiokeen kalteagatik", baita "Natura Babeserako eta Hegaztien Babeserako guneen arteko lotura ekologikoa hausteagatik" ere.
Bertzalde, EH Bizirik sarearen arabera, Labrazako proiektua eta antzekoak “kapitalismo berdearen” mesedetan egiten ari dira: “Iberdrola eta Eusko Jaurlaritza, kapitalismo berdea deiturikoaren izenean, denon mendi eta nekazal lur komunalez jabetzen ari dira”. EH Bizirik taldearen ustez, horrelako proiektuek lurraren gaineko kontrola enpresa handien esku uzten dute, eta, “gehienez ere, herritarrei negozio txikitzaile honetan parte-hartze ekonomikoa eskaintzera mugatzen dira".