Laborarien xokoa prestatzen ari da Baionako bestetarako

  • Aurten ere, kalitatezko janaria eskainiko da Baionako bestetan, Laborarien Xokoaren bidez. ELBko laborariak azkarki mobilizatuko dira tokiko laborantxaren aberastasunak ezagutarazteko giro hoberenean.


2015eko uztailaren 21an - 04:29
Baionako festetan ELBkoek antolatuko dute kantina (argazkia: Laborari).

Hirugarren aldikotz idekiko da Laborarien Xokoa, Xaho kaian, Baionan. Aurten uztailaren 29tik agorrilaren 2rat iraganen dira bestak. Fama handia hartua du ELBk antolatu janari guneak, janari aparta, prezio xuxenak eta giro ona direla arrazoi nagusiak.

Laborantza herrikoiaren promozioa egin nahi du lehentasunez Laborarien Xokoak. Ondorioz, ipar Euskal Herriko etxaldetan ekoiztu produktuz osatua da osoki eskaintza. Aurten ere ahotik ezin utzia den etxeko burgerrak Xiberoko behi haragi xehatua, Lapurdiko tomate eta entsalada, Hazparneko ogia eta Baxe Nafarroako eta Xiberoko etxe behi gasna ukanen ditu osagai.

Orotarat 40 bat etxaldetatik eta hamabost bat enpresa ttipi edo kooperatibatik (Axuria, Belaun, Azkorria, CLPB, Garro, Krakada, okindegiak...) atera ekoizpenak baliatuko dira bost egunez, milaka jenderen elikatzeko. “Eskaintzen duguna zinez gure etxaldetarik atera dadin nahi dugu. Hemen berean ekoiztua denarekin, hainbeste jenderi janaria zerbitzatzea posible dela erakutsi nahi dugu. Gure kalitatezko ekoizpenen ezagutarazteko manera da eta beste batzuei bide berdinaren segitzeko ideia ematea da helburu”, dio Panpi Sainte-Marie, ELBko idazkari nagusiak.

Egia inspirazio bide izan dela proiektu hau, besta ala ostatu zenbaitetan etxeko burgerrak usu ikusten baitira gaur egun, herriko besta batzuetan ere Laborarien Xokoaren iduriko guneak sortu dira berriki, kontzeptu onaz baliatuz. Baionako Herriko etxeak ere bide hau jorratu du etxe ekoizpeni tokia egiteko beste gune batean.

Aurten bigarren aldikotz Idoki elkartekoak haurren eguna kari antolatu animazioetan izanen dira. Janariaz eta laborantzaz tailer ludikoak eskaintzeaz gain, Poterne guneko piknikaren antolatzaile dira. Han ere etxaldetarik atera ekoizpenak dastatzen ahalko dira, haurren egunari egokituak.

300 laguntzaile gogo onez

Lehen urtetik arrakasta handia bildu zuen Baionako bestetako Laborarien Xokoak, publikoak txalotzen zuela herriko etxeak bultzatu iniziatiba eta ELBk manera ederrez gauzatua. Ez da dudarik ongi etorri berdina ukanen duela aurten. Arrakasta horren kudeatzeko, antolaketa lan handia eramaten du ELBk.

Aurten 300 laguntzailez goiti bilduko du bost egunez lanean aritzeko, gehienak sindikatuko laborariak, baina ere gogo onez lehen urtetik etortzen diren lagun eta sostengatzaile batzu. “Denak gogo onez etortzen dira, gertakaria plazerekin igurikatzen dute nahiz egun luze eta dorpeak diren. Ostatuaren gibelean ere besta giroa da baina profesionaltasun eta ardura handiz ari dira laguntzaileak, zinez eskertzekoa da”, ohartarazten du Panpi Sainte-Mariek.

ELBk deia zabaldu du laguntzaileek izena eman dezaten aurtengo lan itzulietan parte hartzeko. Iaz bezala, ipar Euskal Herriko eskualde bakoitzak bere lan eguna ukanen du (Xiberoa asteazkenez, Oztibarre-Iholdi ostegunez, Amikuze ostiralez, Lapurdi eta Aiherra ingurua larunbatez eta Garazi-Baigorri igandez), nahiz hautatzeko manera utzia den formula huntan sartzen ahal ez direnei. Laguntzaile ala bestazale, hitzordua luzatua da uztailaren 29tik goiti.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elikadura burujabetza
2024-04-14 | Garazi Zabaleta
Jakiak ehuntzen
Zangoza inguruan tokiko elikadura sistema eraikitzen

Zergatik doa mundu guztia Iruñera erosketak egitera, gure eskualdean elikagai asko ekoizten bada? Zergatik da hain zaila bailara hauetako produktuak bailara hauetako dendetan topatzea?”, galdera horiei eta beste zenbaiti tiraka hasi ziren lanean Zangoza aldean duela... [+]


Porrotak, ikasketak, baso jangarriak

Bidaia hau hasi nuenean, ikuspuntu erromantikoz imajinatzen nituen baso jangarriak: zuhaitz artean ibili, fruitu goxoak dastatu, loreak usaindu... baina baso jangarriek badituzte arantza ugari ere, porrotak, erratak... Gaur, ikasketa politak eskaini dizkidaten porrot horietako... [+]


"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


2024-04-03 | Estitxu Eizagirre
Juanma Intxaurrandieta, ekonomia irakasle eta INTIAko kudeatzaile ohia
"Merkatu globalean elikagaien prezioa oso hauskorra da, zuzenean erosita egonkorragoa"

Elikagaien prezioak zergatik igo dira hainbeste? Nola ezartzen dira prezioak? Juanma Intxaurrandieta Nafarroako Unibertsitateko ekonomia irakaslea eta INTIAko kudeatzaile ohia da, egun erretiratua. Eli Pagolak Egonarria saioan egin dion elkarrizketan, hizkuntza arruntean eta... [+]


1.300 urtez, elkarrekin lurra landu eta bizi

Gaubea haranean, Tobillas herriaren alboan, Serna deitzen dioten nekazaritzarako lursail bat dago. Baina ez da baratze soil bat: historiak eta arkeologiak diote 1.300 urteko bizia duela eremu horrek. Herritarren langintza kolektibo baten emaitza izateaz gain, parada ematen du... [+]


Eguneraketa berriak daude