Laborariek kudeatutako denda Ortzaizen

  • 20 urteko ibilbidea du Ortzaizeko (Nafarroa Beherea) Kaiku Borda proiektuak; 2006an sortu zuten inguruko hiru gasnagilek. “Artisauen gunea zen eraikina lehenagotik, eta emeki-emeki, bertan laborariak biziarazteko eta beren ekoizpenak saltzeko tokia ere izan zezaketela pentsatu zuten”, azaldu du Antton Urrizagak, dendako egungo ekoizleetako batek. Saltokia bide departamentalaren ondoan dago, gune estrategikoan, tokiko jendearentzat nahiz kostaldera doazenentzat pasaeran. Duela hogei urte hiru gasnagileren artean abiatu zuten denda 18 etxaldeko taldeak kudeatzen du gaur egun.


2026ko maiatzaren 4an - 06:33
Azken eguneraketa: 14:16
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Hasierako bultzatzaileek hiruren artean osatzen zituzten denda irekitzeko txandak eta egin beharrekoak, baina laster ikusi zuten nekeza zela lana gutxiren artean aurrera eramatea, eta laborari gehiagori aukera zabaltzea pentsatu zuten. “2009an beste laborari batzuk batu ginen proiektura, eta bestelako mozkinak gehitu ziren: txerrikia, arnoa… Dendaren funtzionamendu egokirako formazioak egin ditugu urteotan”, gehitu du. 2010 eta 2015 artean laborarien boluntario lanaz gain, lehenbizikoz langile bat kontratatu zuten udarako, eta pixkanaka barazki freskoak ekoizten zituztenak ere gehitzen joan ziren.

Gaur, erosketa saskia betetzeko adina produktu dituzte dendan; 250 bat mozkin eskaintzen dituzte: ardi, behi eta ahuntz gasnak, haragia, eztia, arnoa, sagarnoa, barazki freskoak, arrautzak, infusioak, tea… Asko jota autoz dendatik ordu erdira dauden etxaldeetan eginak dira produktuak. “Hastapenetik gogoeta egin zuen taldeak: kalitatezko mozkinak eskaini nahi ziren, ekologikoak edo Idoki markan ekoitzitakoak. Baldintza da mozkinak laborariak berak ekoitziak izatea”, azaldu du kideak. Bertan egiten ez diren zenbait produktu kanpotik ekartzen dituzte, adibidez, olioa edo arbendolak Nafarroa hegoaldetik dakartzate, baina dendako eskaintzaren zatirik txikiena dira.

Laborariak ere dendari

Astean sei egunez irekitzen dute Kaiku Borda denda, eta laborarien txandez gain, bi langile dituzte kontratatuta. “Laborari guztiak aritzen gara dendan salmentan, eta saiatzen gara txandak bakoitzaren tenoreetara egokitzen; elkarlan handia dugu taldean”. Ohiko denda batean bezala, edonork egin ditzake erosketak bertan, ez dago bazkide izan beharrik. “Tokiko bezeroekin zuzeneko harremana dugu, eta komunikatzen diegu haragi banaketa izanen dela, edo produktu bereziagoak ekartzen ditugunean… badugu antolakuntza eta banaketa sistema bat, baina edonor etor daiteke dendara”.

Duela 20 urte egitasmoa abiatu zutenetik, aldaketa nabarmena egon dela sumatzen dute. “Emeki-emeki ikusi dugu jendea izpiritu honetara batzen joan dela. Proiektua abiatu zenean, duela hogei urte, AMAPak –Hegoaldeko otarre sistemaren antzekoak– sortzen ari ziren Iparraldean, eta denda hau ere aitzindari izan zen. Uste dugu sasoiak errespetatu behar direla eta baratzezainek saldu behar dutela produktu guztia, baina ardura partekatua da kontsumitzaileekin: haiek ere aktore dira kontsumoan”, amaitu du.


Baratzetik mundura kanalean gehiago
2026ko otsailaren 16
Istrupiza baserria
Baratzezain izatetik erlezain izatera

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.