Laborariek autobidea blokeatu dute Baiona parean, EBren eta Mercosurren akordioaren aurka

  • 60 traktore inguru erabilita blokeatu dute A63 autobidea goizeko ordu biak aldera, Europan nekazariak egiten ari diren protesten lerro berean. Ostiral honetan ziren bozkatzekoak Europar Batasunean Mercosurrekin akordioa sinatu ala ez, eta 26 urteren ondoren, Europar Kontseiluan oniritzia eman diote EBren eta Mercosurren itunari. Nekazariek adierazi dute akordioak “lehia desleiala” ekarriko duela, eta beraientzat “hondamendia” izango dela.

Bruselako protestako irudia Pexels

2026ko urtarrilaren 9an - 11:42
Azken eguneraketa: 16:16
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ostiraleko ordu txikietan, 'A63ko ultrak' izeneko laborari talde asindikaleko 80 lagun inguruk A63 autobidea blokeatu dute Baiona parean, Europa mailan egiten ari diren protesten lerro berean. Pirinio Atlantikoko Prefeturak jakinarazi duenez, goiz-goizetik 60 bat traktorek autobidea oztopatu dute eta zirkulatzeko arazo handiak izan dira inguruetan. Gainera, Prefeturak Biriatuko muga itxi du kamioientzat bi noranzkoetan. Ez da azkenaldian nekazariak errepideak moztera atera diren lehen aldia, izan ere, dermatosi nodularraren auziagatik ere protestak egin zituzten abenduan; orduan, Frantziako Laborantza Ministerioak iragarritako protokoloak behi aziendetan hilketa masiboak agintzen zituelako.

Oraingo auzia bestelakoa da. Europar Kontseiluak gaur deliberatu du Mercosurreko sei herrialdeekin merkataritza libreko akordioa. Bilkuraren atarian, baina, laborariak akordioaren aurka protestan aritu dira Europa osoan zehar, euren arabera, akordioak “hondamendia” ekarriko dielako. Nekazaritza elkarteek adierazi dute akordio berriarekin ezingo dutela lehiatu Hego Amerikako produktuekin. Argudiatzen dute Hego Amerikako produktuak muga-zerga txikiekin sartuko liratekeela, eta ez dutela Europar Batasuneko kideek bete beharreko tokiko araudi zorrotzik (osasun, ingurumen edo lan arlokoak). Ondorioz, adierazi dute, Mercosurreko herrialdeek “ekoizpen-kostu merkeagoak” dituzte, eta “lehia deslaiala” eragiten dute.

Mobilizazioak asteazken arratsaldean hasi ziren, batez ere Frantzian, FNSEA herrialdeko laborantza sindikatu nagusiak eta CR Coordination Rurale elkarteak deituta. Hainbat autobide blokeatu zituzten, eta ostegun goizean ehun bat traktore sartu ziren Parisen. Ondorioz, tentsio handiko momentuak izan ziren, bereziki Asanblea Nazionalaren inguruan eginiko elkarretaratzean, nahiz eta Frantziako Gobernua akordioaren aurkako oposizioaren buru den.

Baionako blokeoez gain, Gasteizen ere aurreikusita daude nekazarien protestak. Bertan ere traktorada deitu dute, UNASPI Espainiako Lehen Sektoreko Elkarteen Batasun Nazionalak Mercosurrekiko akordioaren aurka deitutako mobilizazioekin bat eginez.

Frantzia, Irlanda, Polonia, Austria eta Hungariaren ezezkoak ez dira aski izan

Luze aritu dira EBko hainbat herrialde Mercosurren akordioa sinatzeko ahaleginetan, arrakasta handirik gabe. Abenduan, EBren barnean ez zuten gehiengorik lortu, eta urtarrilera arte atzeratu zuten erabakia. Asteazkenean, 27 herrialde kideetako Nekazaritza ministroak elkartu ziren Bruselan, eta ostiralez egin dute azkenean bozketa. Italiaren iritzi aldaketa giltzarria izan da erabakian, izan ere, Giorgia Melonik zuzentzen duen gobernuak begi onez hartu zuen asteartean Europako Batzordeak eginiko azken eskaintza; azken horiek PAC Nekazaritza Politika Bateratura bideratutako 45.000 milioi euroko aurrerapena eskainiko duelako. Frantziak, Irlandak, Poloniak, Austriak eta Hungariak ezekoa eman dute, baina ez dira aski izan emaitzaren norabidea aldatzeko.


Nekazariak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin