argia.eus
INPRIMATU
Laborantza herrikoiaren alde doan NPB eskatu dute Baionako suprefetura aitzinetik
  • 150 bat lagun batu dira Baionako suprefeturaren aitzinean ekainaren 2 honetan, ELB sindikatuak, nekazaritza ekologikoaren alde dabilen BLE elkarteak eta Idoki kalitatezko sor-marka kudeatzen duen EHEEE egiturak deiturik. 2023-2027 urteetako Nekazaritza Politika Bateratua marrazten dabil Europa eta Frantziako Estatuak bultzaturiko norabideekin ez dute bat egiten laborantza herrikoiaren alde dabiltzan egitura hauek. Europa mailako negoziaketak blokeaturik daude momentu honetan.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2021eko ekainaren 03a
(Argazkia: ELB)

Kalitatezko laborantza sostengatzeaz gain, laborari ttipiak kopuru handian mantentzen dituen Nekazaritza Politika Bateratua nahi baldin bada, ezinbestekoa da gaurdanik Europa mailako politiketan aldaketa drastikoen bideratzea. Maleruski, ez da oraindik aldaketa haizerik sendi Bruselatik, ez eta ere Frantziako Laborantza ministeritzatik. Horregatik dira beste behin ere karrikara atera ELB sindikatuko zein BLE eta EHEEE-Idoki elkarteetako kideak. 150 bat lagun batu ziren atzo Baionako suprefeturaren aitzinean haien haserrea eta aldarria plazaratzeko.

"NPBk zuzenagoa izan behar du: laborariei errenta duina segurtatu behar die; desagerrarazteko ordez, laborariak atxiki eta instalatu behar ditu; etxalde ttipiak sustengatu behar ditu eta ingurumena errespetatzen duen laborantza herrikoi eta biologikoa bultzatu behar du", horra laborantza herrikoiaren alde borrokan eta lanean dabiltzan Ipar Euskal Herriko egituren eskaera.

Handiak lagunduz, ttipien kaltetan

2023-2027 urteetako NPB Nekazaritza Politika Bateratua marrazten dabil Europa eta mobilizazioan agerian utzi dutenez, trantsizioa eta aldaketa sustatzeko plana azkartu beharrean, nekazaritza industrialaren aldeko politikarekin segitzeko posturan segitzen dute Laborantza ministro askok –tartean, Frantziakoak ere–. Adibidez, erreforma adosten ari direla, laborantza biologikoa baztertzeko hautua egin du Frantziako Gobernuak. NPBren arazo nagusia diru-laguntzen banaketan kokatzen dela dio ELBk: diru-laguntzen %70 baino gehiago da laborarien %30 baino gutxiagoren artean banaturik. Laguntza gehienak laborariek landutako hektareei eta kabala kopuruari lotuak dira. Horrek etxalde ttipiak baztertzen dituela ohartarazten du aspaldian ELBk.

NPB "berdeagoa" hitzetatik haratago

Klima larrialdia dela eta, biharko NPBk "berdeagoa" izan beharko duela dio Europar Batasunak. Kontua da, hitzetatik haratago urratsa ematerakoan aldaketarik ez dela sendi. Nekazaritza industrialaren alde doa oraingoz NPB eta politika honen erreforman oraingoz ez da behar heineko aldaketarik sendi. Europako Parlamentua ingurumenaren aldeko presioa ezartzen ari da, baina 27 Laborantza ministroek lekuan leku erabakitzeko gisan "malgutasuna" eskatzen diete eurodiputatuei.

Maiatzaren 28an gelditu zituzten negoziaketak, ofizialki zehaztuz "hainbat puntu adostu gabe" bertan behera gelditzen zirela negoziazioak. Ekainean zehar berriz abiatuko dituzte, Laborantza ministroen ondoko bileraren baitan. Agroindustriaren alde dabilen lobbya ikaragarri handia da Bruselan eta ikusteke dugu NPB "berdetzeko" ausardia ukanen duen Europar Batasunak...