Zer: Biarritzeko Piano Jaialdia (inaugurazioa).
Protagonistak: Katia eta Marielle Labèque (pianoak).
Egitaraua: Fanny Mendelssohn, Félix Mendelssohn, Marie Jaëll, Gabriel Fauré, Maurice Ravel, Claude Debussy, Grazyna Bacewicz, Emahoy Tsege Mariam Gebru, Margaret Bonds, Leonard Bernstein, Nina Simone eta Bryce Dessnerren lanak.
Lekua: Biarritzeko Espace Bellevue.
Data: uztailaren 27a.
---
Biarritzeko Piano Jaialdira joatea (aurten, 17. edizioa) plazer handia da beti. Hiriak, giro errefinatuak, kulturarekiko gustuak, inguru pribilegiatu horretan hitzordu zoragarrietara joaten diren ikusleen naturaltasunak, horrek guztiak merezi du, bene-benetan. Oraingoan, gainera, piano bikote mitiko bat entzuteko pribilegioa izan genuen. Labèque ahizpek, Katiak eta Mariellek, errezitaldi bariatua eskaini zuten euren piano ibilbidearen 55. urteurrena ospatzeko. 1970ean lehen aldiz grabatu zutenetik, Olivier Messiaenen zuzendaritza artistikoarekin, karrera bikaina izan dute, orkestra onenekin jo dute, batutarik distiratsuenekin. Bi piano edo lau eskuen kategorian onenak dira, zalantzarik gabe.
Baionarra dira eta 76 eta 74 urte dituzte. Ez dira soilik instrumentista apartak. Modelo bat dira edozein emakumerentzat. Independenteak, beren bizitza profesional eta pertsonalaren jabe, indar eta kemen apartekoak, eder-ederrak... Gutako edozeinek geure burua begiratuko genukeen ispilua. Ez dut esan beharrik ahizpen zale amorratua naizela.
Modelo bat dira edozein emakumerentzat (...) Gutako edozeinek geure burua begiratuko genukeen ispilua
Baina goazen muinera. Biarritzeko Espace Bellevuen eskaini zuten errezitaldia, hiri honetako Piano Jaialdia inauguratzen zuena, emakumeari egindako omenaldia izan zen, bereziki errezitaldiaren lehen zatia. Fanny Mendelssohnen bi melodia entzun ahal izan genituen, Felix Mendelssohn handiaren ahizpa zahar eta ahaztua. Eta Felixen beraren pieza batzuk ere gozatu ahal izan genituen, baina emakume bereziei eskainiak, hala nola Sophie Rosen edo Clara Schumann konpositore handiari.
Labèque ahizpen programa batean ezin ziren falta Gabriel Fauré konpositorea (Dolly alabari eskainitako Le jardin de Dolly entzun genuen) edota Maurice Ravel (Jeanne eta Jean Godebskiri eskainitako Le jardin feérique jo zuten). Orrialde delikatu horietan guztietan, piano-jotzaileek erakutsi zuten konplizitate izugarria eta zehaztasun liluragarria.
Baina errezitaldiaren bigarren zatian zabaldu zuten bi lapurtarrek beren ezohiko energia hori. Debussyren Clair de lune ederrarekin hasi ziren, Henri Dutilleuxen bi pianoren moldaketan, Grazyna Bacewiczen pieza batzuekin jarraitu zuten, errezitaldia Margaret Bondsen Troubled Water-ekin indarra hartuz joan zen, eta ikusleak Bernsteinen West side Story-ren numero batzuekin berotu ziren.
Musika eromena amaitu zen Nina Simoneren Wild is the wind eta Bryce Dessnerren How to dance piezekin. Piano-jotzaileak naturaltasun berarekin mugitzen dira piano-intimismoaren eremuan eta musika garaikideenaren oihan basatian. Estilo guztiak menderatzen dituzte beren ukitu pertsonalarekin.
Zoragarriak.