Martxoaren 17ko grebara deitzeko, LAB sindikatuak protesta egin du ostegunean 9:30ak aldera Eusko Legebiltzarraren aurrean. Baloi puzgarriak bota dituzte eraikinera eta kideetako bat eraikinaren kanpoko hesira kateatu da.
Aurretik iragarri gabe ostegunean 9:30ak inguru batu dira LAB sindikatuko kideak Gasteizko Eusko Legebiltzarraren aurrean. Osteguneko pleno saioaren hasierarekin batera egin dute protesta martxoaren 17ko greba orokorraren harira. Eraikinaren hesiaren barnera kolore beltz eta gorriko baloi puzgarriak bota dituzte, eta langileen baldintzak hobetzearen eta gutxieneko soldata propioak igotzearen alde egin dute. LABeko ordezkari den Bittor Gonzalezek adierazi duenez, “pilota instituzioen teilatuan” dagoela sinbolizatzeko dute.
Kideetako bat katea lepo inguruan jarrita legebiltzarreko hesira lotu da. Ertzaintzak errefortzuak eskatu ondoren, eraikin barnetik kurrika pare bat eskuratu eta kidea 9:45etarako askatu eta identifikatu dute. “Martxoak 17, greba orokorra!” aldarrikatuz jardun dute minutu batzuez, ertzainak legebiltzarraren aurrean hesi gisa zabaldu direnean. Berria-k jaso duenez, ondoren Alde Zaharrera bideratu dute protesta eta Ertzaintzak autoekin jarraitu ditu, “iskanbilarik sortzen ez dutela ziurtatzeko”.
ARGIAko “Duintasunaren aldeko borroka da” erreportajean Ekain Carrasco Tellaetxek jaso duenez, ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek modu bateratuan deitu dute greba, Gutxieneko soldata hemen erabaki. LGS 1.500 euro. Soldatak hobetu, aberastasuna banatzeko! lelopean. 1.757 enpresa batzorde eta langile ordezkaritza organo izan dira greba eskakizuna egin dutenak.