LABek epaitegira joko du Tubacex enpresako Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientearen kontra, “ez dagoelako justifikatuta”

  • LABen iritziz, kontsulta epeak agerian utzi du Tubacexeko zuzendaritzak ekoizpena berrantolatu duela espedientea eragiteko eta etekinak handitzeko. Sindikatuak ziurtatu du tresna legal guztiak erabiliko dituela enplegua babesteko neurri ekonomikoek ez dezaten akziodunen patriketan amaitu.


2026ko uztailaren 8an - 06:48
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

LAB sindikatuak oharra zabaldu du jakinarazteko epaitegira joko duela Tubacex multinazionalak abiatuko duen Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientearen kontra.

Hala azaldu du langile erakundeak: "Dokumentazioak eta emandako azalpenek agerian uzten dute enpresak lan-karga faltatzat aurkezten duen egoera zuzendaritzak berak hartutako antolakuntza-erabakien ondorio dela".

Gauzak horrela, LABek aipatu du Tubacexek ekoizpena eta lan-karga atzeratu eta taldeko enpresen artean banatzen dituela bere interes ekonomikoen arabera eta, horrela, nahita sortutako egoerak erabiltzen dituela gero baliabide publikoekin finantzatutako enplegua eteteko neurriak justifikatzeko.

Administrazioen isiltasuna

Sindikatuak atentzioa jarri du erakunde publikoen kontrol ezan, horrek ahalbidetzen baitu konpainiak Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea baliatzea abusuzko baldintzetan: "Onartezina da enpresa batek bere ekoizpena barrutik berrantolatzea bere etekin ekonomikoak handitzeko eta, ondoren, estrategia horren kostuen zati bat langileen eta gizarte osoaren bizkar uztea diru publikoarekin finantzatutako mekanismoen bidez".

Martxora arteko espedientea

Ekainaren hasieran iragarri zuen Tubacexek Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea aurkeztuko zuela. 2027ko martxora arte luzatu nahi du neurria, eta 95 eguneko eragina izango luke langile bakoitzeko. Zuzendaritzak aipatu du Ukrainiako eta Irango gerrek, Txinako lehiakideek eta Ameriketako Estatu Batuetako muga zergek bultzatu dutela erabakia hartzera.


Langile borroka kanalean gehiago
2026ko ekainaren 25
Enplegu Publikoaren Legea Eusko Legebiltzarrean
LAB: "Ez da hau momentuak eskatzen duen lege aldaketa"

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...