Sindikatuak kritikatu du EAJk onartu nahi ez izana administrazio publikorako sarbidean bi hizkuntza ofizialen eskakizuna derrigorrez eskatzea. Lanean jarraitzera dei egin du, “euskarak eta gaztelaniak estatus bera izan dezaten”.
Hilabeteetako negoziazioen ondoren, EAJ eta EH Bildu akordio batera ailegatu dira, eta ortzegun honetan Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran onartuko dute Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko EAJren proposamena, EH Bilduren abstentzioarekin.
Berehala ailegatu dira akordioaren inguruko erreakzioak. LAB sindikatuak ohar bidez salatu du lege aldaketa hori ez dela “garaiak eskatzen duena”, ez baitu “administrazioaren euskalduntzearen kontrako oldarraldia baretuko”. Gogorazi du orain arte indarrean egon den legeak ez diola “babes legal egokirik” eskaini administrazioa euskalduntzeko prozesuari, eta ez dituela gerarazi “eragile eta epaile euskarafobo batzuen gehiegikeriak euskararen eta euskaldunon hizkuntza eskubideen aurka”.
Sindikatuaren arabera, oldarraldiari buelta emateko bide bakarra da administrazioaren euskalduntze-prozesuari “segurtasun juridiko erreala” ematea. Horretarako, administraziorako sarbidean euskara eta gaztelerari “estatus bera” emanen dion moldaketa legalak egiteko eskatu du sindikatuak. Astelehenean, akordioa ezagutu aitzinetik, oharra plazaratu zuen LABek, hain zuzen ere lege berriak euskara gaztelaniaren pare ezarri zezala aldarrikatuta. Lege aldaketaren betetze mailari jarraipen zorrotza egiteko konpromisoa adierazi du sindikatuak.