Lehen itzulian baino alde txikiagoa ukan badu ere, Louis Labadot auzapez komunistak segituko du Herriko Etxearen gidari Zuberoako hiriburuan.
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
Lehen itzulian hamabost puntuko aldea atera zion Labadotek bigarren zerrendari, Beñat Elkegaray abertzalearen hautagaitzari. Bigarren igande honetan diferentzia apalagoa izan da (%47ko babesa Labadotek eta %35ekoa Elkegarayk). Lehen itzulian hirugarren egin zuen Armanda Accoceren zerrendak botoen %26 jaso zituen, eta orain %18.
Pozik agertu da Labadot Kanaldude telebistak egin dion elkarrizketa laburrean. 83 urte beteko ditu aurten, eta hurrengo zazpi urtetan izango da auzapez. Azken kargualdia zaila izan dela adierazi du, baina jendeak segitzeko erran dionez, indarrez segituko duela azaldu du.
Bere jarrera jakobinistengatik ezaguna da Labadot. Errefusatu egin ditu abertzaleen eskaerak. Esaterako, 2020an, Elkegarayk eskua luzatu zion Labadoti, orduko auzapez Etchebest garaitzeko asmoz, baina Labadot komunistak errefusatu egin zion, eta bigarren itzulian triangeluarra izan zuten. Hala, lehen itzulian garaile izandako Labadot izan zen irabazle bigarren itzulian.