LAB sindikatuak deitoratu egin du, hala ere, ekimena elkarrekin bultzatu ez izana. Negoziazioak euskaraz egin ahal izateko, ELAk Eusko Jaurlaritzako Lan Harremanen Kontseiluari eskatu dio baliabideak jar ditzatela, eta honek erantzun dio erranez euskaraz negoziatzeak "ez duela zertan oztopo izan" akordioa lortzeko.
ELA sindikatuak astearte honetan iragarri du irailetik aitzin Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lan hitzarmen kolektiboak euskara hutsean negoziatuko dituela, nahiz eta parekoak itzulpenik ez jarri. Berehala ailegatu dira sindikatu nagusien erreakzioak: LABek begi onez ikusi du ELAren erabakia; CCOO eta UGT, berriz, aurka agertu dira.
LAB sindikatuko koordinatzaile nagusi Garbiñe Aranburuk asteazken honetan txalotu egin du lan hitzarmen kolektiboak euskara hutsean negoziatzeko ELAren erabakia, eta adierazi du hobetzera datozen ekimen guztiak "ongietorriak" izanen direla. Hala ere, deitoratu egin du ekimena elkarrekin bultzatu ez izana; sindikatuaren ustez, "eraginkorragoa" izanen litzateke elkarlanean aritzea. Era berean, bermeak eskatu ditu euskara lan eta justizia esparru guztietan erabili ahal izateko, eta patronalaren blokeoari aurre egiteko indarrak elkartzera deitu du ELA.
CCOO sindikatuak, berriz, "herrialdearen errealitatetik kanpo" egotea egotzi dio sindikatu abertzaleari. Sindikatuaren arabera, administrazio publikoko hizkuntza-profilen eskema sektore pribatuan txertatzeak "langile zaurgarrienak kaltetuko" ditu, eta neurria "kolpe gogorra" dela adierazi du zabaldutako oharrean.
UGT sindikatuak, bere aldetik, ELAri eskatu dio euskararen inguruan "akordioak eraikitzeko" urratsak eman ditzala, "ultimatumak" bota beharrean. "Arras arriskutsutzat" jo du "genero, klase edo arraza zapalkuntzekin alderatzea" hizkuntza eskubideen urraketak.
Negoziazioak euskaraz egin ahal izateko, ELAk Eusko Jaurlaritzako Lan Harremanen Kontseiluari (LHK) eskatu dio baliabideak jar ditzatela, sindikatuaren arabera, gaur gaurkoz ez baitira existitzen. LHK-k, bere aldetik, uste du euskaraz negoziatzeak "ez duela zertan oztopo izan" akordioa lortzeko, baina onartu du gaur egun ez duela itzulpen zerbitzurik eta bilera gehienak gaztelaniaz egiten dituztela. Albiste honetan aurkituko du irakurleak LHK ELAri emandako erantzuna.