LAB, ELA, SATSE, CCOO eta UGTk deitutako greba eta mobilizazio dinamikaren barruan, elkarretaratzeak egin dituzte asteazken goizean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ospitaleetan. Urrirako eta azarorako aurreikusitako bost greba egunen atarikoak dira.
Sindikatuek hilabeteak daramatzate osasun publikoan lan egiten duten kolektibo guztien lan-baldintzen hobetzea aldarrikatzen, eta Osakidetzari eskatu diote urriaren 19ko mahai sektorialaren bileran “benetako edukiak” jorratzeko, 17 urte igaro baitira akordioa berritu gabe. Gehiengo sindikalak ohartarazi duenez, ez dute “simulazio hutsik” onartuko, eta gogor salatu dute gaur egun ez dagoela “lan-baldintzen akordioa eguneratzeko eta langileen ordainsariak hobetzeko inolako proposamenik”.
Irailaren 30eko bileran, Osakidetzako zuzendaritzak lan-baldintzen inguruko proposamen zirriborroa aurkeztu zien sindikatuei. Sindikatuen esanetan, ordea, dokumentuak ez du jasotzen ordainsariei, lanaldi-murrizketari edo lan-kargei buruzko proposamenik, beren aldarrikapen nagusietako batzuk izan arren. Gehiengo sindikalaren arabera, onartezina da akordio berri baten zirriborroak soldaten hobekuntzarik ez jasotzea, Eusko Jaurlaritza 2027rako aurrekontuak ixten ari den bitartean.
Horren harira, elkarretaratzeak egin dituzte asteazken honetan Osakidetzako ospitale guztietan, eta adierazpenak egin dituzte Gasteizko Santiago ospitalean, Bilboko Basurtu ospitalean eta Hondarribiko Bidasoa ospitalean.
Grebak urrian eta abenduan
Sindikatuek mobilizazio egutegi bateratua aurkeztu zuten, guztira bost greba deituta: urriaren 30ean eta abenduaren 14ean grebak Osakidetza osoan egingo dituzte, eta abenduaren 9an,10ean eta 11n, berriz, lurraldeka, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hurrenez hurren.
Negoziazioa defendatu orain! Lan baldintzen hobekuntza = osasungintza publiko hobea lelopean erabiltzaile eta eragile sozialak mobilizazioetara batzera gonbidatu dituzte sindikatuek. Era berean, ohartarazi dute abiatuko duten mobilizazio dinamikak lan-baldintzen benetako hobekuntza lortzeko “beharrezko iraupena eta intentsitatea” izango duela, eta konponbidearen ardura Eusko Jaurlaritzari egotzi diote.
