La Sirena urte osoan zehar irekiko dute, harrera eta gizarteratze zentro gisa

  • Asteburuan hedabideetan zabaldutako albistea baieztatu du astelehen goizean Donostiako Udalak: Ondarretako La Sirena aterpetxea urte osoan zehar irekiko dute aurrerantzean.


2026ko otsailaren 17an - 08:00
Donostiako Antigua auzoko La Sirena aterpetxea. Inaxio Esnaola / Irutxuloko Hitza
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Hiriko hainbat gizarte eragilek urteak daramatzate hori bera aldarrikatzen –Hiritarron Harrera Sareak eta Kaleko Afari Solidarioak-ek, bereziki–, eta udalaren jarrera kontrakoa izan da urteotan. Orain, aldiz, aterpetxea harrera eta gizarteratze zentro bihurtzeko erabakia hartu du udalak: “Azken asteotan izandako hustuketek eragindako bizitegi larrialdiari aurre egiteko hartu da neurria, pertsona asko egoera bereziki zaurgarrian geratu baitira”.

Gogoratu behar da, orain arte, La Sirena soilik neguan erabiltzen zela kale egoeran dauden pertsonei aterpe emateko, eta soilik gau gutxi batzuetan, muturreko tenperatura hotzak zeuden gauetan. Udan, aldiz, turistentzako baliabide bat izan da orain arte. Udalaren arabera, aterpetxea “integrazio eta harrera zentro bilakatuta”, “laguntza ematen zaie une zail batean daudenei Aukerak programaren baitan egonkortasuna berreskuratzeko, prestakuntza jasotzeko, enplegagarritasuna hobetzeko eta bizitza autonomo baterantz aurrera egiteko”.

Bi kaleratze, denbora gutxian

Azken hilabeteotan, kale egoeran dauden pertsonek erabiltzen zituzten hiriko bi gune hustu ditu Ertzaintzak, Martuteneko Agustindarren eraikina eta Herrerako pabiloi industrial bat, eta bi operazio horietan kalean utzi zituzten pertsonetako batzuei aterpe eman zien udalak La Sirenan, behin-behineko neurri gisa. Udalak dioenez, gertakari horiek “agerian” utzi dute “harrera eta gizarteratze baliabideak indartzeko beharra”. Hori da, hain zuzen ere, hiriko eragile asko urteotan aldarrikatzen aritu direna, dagoeneko 500 lagun inguru baitaude Donostian kale egoeran, azken zenbaketen arabera. Ildo beretik, gogoratu behar da kale egoeran zeuden hiru pertsona hil direla negu honetan Donostian: bi abenduan eta bat asteburu honetan.

Mariaje Idoeta Gizarte Zerbitzuetako eta Gizarte Ekintzako zinegotziak azaldu duenez, “Donostiak bizitegi bazterkeriari arreta emateko sarea indartu du azken urteotan, eta gaur egun 234 ostatu plaza ditu urte osoan zehar, gehi beste 100 plaza neguan. Gainera, egunero, 276 otordu eta gizarteratzeko hainbat baliabide eskaintzen ditu, 12 milioi euroko baino gehiagoko aurrekontuarekin”. Horri gehitu behar zaizkio KASek, egunero-egunero, boluntarioen lanari esker, hiriko hiru auzotan banatzen dituen 200 afariak baino gehiago.

Hain zuzen ere, Idoetak aitortu du udal baliabideak ez direla nahikoa beharrari erantzuteko: “Gure lurraldera iristen diren etxerik gabeko pertsonen kopuruaren hazkunde esponentzialak dauden baliabideak gainditzen ditu, eta, gainera, Donostiako asistentzia presioa handitu egin da, Gipuzkoa osoan ez baita garatu Gipuzkoako prestazio eta zerbitzuei buruzko 185/2015 Zorroaren Dekretuan jasotako zerbitzuen eta prestazioen zorroa”.

“Administrazio publikoek gai izan behar dugu gure baliabideak errealitate aldakorrera egokitzeko”, gaineratu du Iñigo Garcia Gazteria, Aniztasun, Inklusio eta Ingurumen zinegotziak: “La Sirena birmoldatzeak aukera ematen digu lehendik dagoen espazio bat optimizatzeko, gizarte arretako sisteman bikoiztasunak saihesteko eta baliabide publikoak inpaktu handiagoa sortzen duten lekuetara bideratzeko. Ez luke zentzurik izango urtaroetara mugatu edo partzialki gutxiegi erabilitako erabilera mantentzeak”.


Irakurri gehiago: Bazterkeria Gizartea
Bazterkeria kanalean gehiago
2025eko irailaren 29
Bilboko Solokoetxeko heriotzari Vocento taldeak emandako trataera
'El Correo', beldurra, arrazakeria eta polizia filtrazio bidezko informazio faltsua

2025eko apirilaren 16
Iruñeko Paris 365 jantokia
Familia bat, aurrera egiten jarraitzeko

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.