La Cumbre jauregia memoria gune bihurtzeko prozesua geldirik dagoela salatu dute

  • Donostiako Udalak proposatu du Donostiako Aiete auzoko jauregia "motibazio politikoko indarkeriaren artxibo, ikerketa gune eta dibulgazio zentro" izatea. EH Bilduk salatu du eraikinaren lagapenak lau urte daramala geldirik, udalaren "borondate ezagatik". Talde memorialistek ere erakunde publikoen "utzikeria lotsagarria" salatu dute.

La Cumbre jauregiaren sarrera, iraganean Espainiako Gobernu Zibilaren egoitza eta GALek Lasa eta Zabala torturatzeko erabilia.

2026ko urriaren 13a - 08:57
Azken eguneraketa: 10:59
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Joxean Lasa eta Joxi Zabala 1983an bahituta eduki eta torturatu zituzten eraikina, Espainiako gobernadore zibilaren egoitza izandako Donostiako La Cumbre jauregia, memoria gune bihurtzeko prozesua korapilatzen ari da. EH Bilduk duela lau urte egin zuen hitzarmena Madrilen Espainiako Gobernuarekin, azken horrek eraikina lagatzeko eta, Ezkabako gotorlekuarekin batera, memoria toki bihur zedin, Memoria Demokratikoaren Legearen baitan. Baina lau urteren ondoren, eskualdatzea oraindik ez da egin. EH Bilduk salatu du Donostiako Udalak informazioa ezkutatu duela, eta Jon Insaustiren udal gobernuaren "borondate ezak" eraman duela egoera puntu horretara.

Koalizio abertzalearen salaketa dator, hain justu, udalak El Diario Vasco egunkarian  jauregiarentzat dituen asmoak aurreratu ondoren. Horren arabera, Insaustiren taldeak eraikina "motibazio politikoko indarkeriaren artxibo, ikerketa gune eta dibulgazio zentro" izatea nahi du. Zehazki, 1936tik 2011ra arteko epea hartuko luke.

Biktimak eta talde memorialistak ere haserre

EH Bildu ez da bakarra izan udalaren jardun falta kritikatu duena. La Cumbre memoria gune bihurtzeko lantaldea osatzen duten elkarteek  –Lasa eta Zabalaren senideak, Egiari Zor fundazioa, Mikel Zabalza Herri Ekimena, Arazadi Zientzia Elkartea, eta Argituz eta Berridatzi talde memorialistak– duela bi aste prentsaurreko batean gaiaren inguruan dagoen "utzikeria lotsagarria" salatu zuten. Beren esanetan, eraikinaren lagapenerako "epe legalak" jadanik bete dira, eta ohartarazi dute erakunde publikoak proiektua "porrotera bideratzen" ari direla jarrera horrekin.

Eragile horiek, 2024an egindako ekitaldi publiko batean, proposatu zuten jauregiari eremu "museografiko" hutsetik haragoko funtzioa ematea eta "espazio psikosozial bat" izatea, besteak beste Poliziaren eta talde parapolizialen biktimen aitortza eta erreparaziorako balioko lukeena. Baina eraikinaren lagapenak izan duen "atzerapen onartezinak" arriskuan jarri du orain egitasmo hori.

EH Bilduk iragarri du hurren astelehenean, hilak 19, memoria historikoaren udal batzordean alkatea interpelatuko duela, gai horren inguruan azalpenak eman ditzan.


Oroimen historikoa kanalean gehiago
2026ko urriaren 21
Egia izor

2026ko urriaren 14
Patxi Martinez de Marigorta. Memoriaren bide bihurtsua
"Trantsizio garaiko barkamen-ituna izan zena, ahanztura-itun bihurtu da"

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.