Asteazken Beroak ekimena berreskuratu dute Bilbon. Biharko, finantza erakundeen jardunari buruzko asanblada antolatu dute eta hilaren 16an, elkarretaratze-okupazioa egin nahi dute Kutxabankek Bilbon duen egoitza nagusi aurrean: bertan dirua duenak kontua ixtea da asmoa, etxegabetzeen gaian bankuak duen jarrera salatzeko.
Zeinen eskutan amaitzen du gure diruak? Nola jokatzen dute banaketxeek? Noraino iristen da ustelkeria? Galdera horiei buruz eztabaidatuko dute bihar, arratsaldeko 19:00etan, Bilboko plaza biribilean. Horrez gain, finantza erakundeei buruzko dokumentala proiektatuko dute eta jarraian, Kutxabank egoitzaren kutxazain inguruetan kanpatuko dute, salaketa egiteko.
Hilaren 16rako jarri dute hurrengo hitzordua. Eguerdiko 12etan, elkarretaratze-okupazioa egingo dute Kutxabankek kale nagusian duen egoitzaren aurrean eta jendeak bertatik dirua ateratzea eta kontua-korrontea ixtea izango da helburua. Asteazken Beroak ekimenaren antolatzaileen hitzetan, Kutxabankek agindu zuen etxegabetze gehiago ez zuela egingo (Barakaldon etxetik kaleratu behar zuten unean emakume batek bere buruaz beste egin ostean), baina itxurakeria baino ez da izan, bai BBK-k bai Kutxak kaleratzeekin jarraitu dutelako, "jendea kale gorrian utziz". Gainera, bankuaren gizarte ekintzak behera egin duela kritikatu dute, eta Kutxabank gero eta urrunago dagoela banku publiko eta sozial izatetik.
Ekimenaren aurkezpen bideoa: