Kutsidazu bidea, ‘please’ eta ‘thank you’


2026ko maiatzaren 30ean - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Pasa den astean, bi letter jaso beharrean, mezu bat jaso nuen Linkedin-en. Ez ezagutzeko zortea dutenentzat, Linkedin sare sozial bat da, non batzuek lana bilatzen duten (dugun!) eta beste batzuek psikopata batzuk direla erakusten diguten. Esaten dutenez, psikopaten Facebook-a da eta nik uste dut egia dela. 

Ez zait maiz gertatzen ezezagunen batek idaztea Linkedinen. Bere profilean agertzen den informazioaren arabera, New Yorken kokatua dago pertsona hau. Indiako unibertsitate batean ikasi zuen 2011 eta 2015 urteen artean, eta bi lan baino ez ditu izan. “Senior Talent Sourcer” eta “Lead Talent Sourcer (Team Lead)”. Giza-baliabide arloan goi-mailako edo eskarmentu handikoa bata, eta giza baliabideetako talde bateko burua azken hiru urtetan. Kontxo. Bere profileko argazkian, Indiako emakume gazte bat.

Mezua ingelesez da, Indiako jendeak batzuetan erabiltzen duten eta Adimen Artifizialak errepikatzea maite duen estilo gainkargatu, enpalagoso horrekin. Dena delakoagatik.

“Zure eguna zoragarria izatea espero dut! Zure profilarekin topo egin nuen, eta txundituta geratu nintzen zure aurrekariekin. Badirudi zure esperientzia eta hizkuntza-gaitasuna bat datozela une honetan kontratatzen ari garen proiektu zirraragarri baterako”.

Txundituta, aizue. Txundituta ni ere bai.

“Gure enpresa euskarazko espezialista baten bila dabilelako idazten dizut:  “Freelance AI Trainer Project”. Urruneko kontratuaren rola da hau, eta zure profilarekin ondo lerrokatzen dela uste dut.

Ez da Adimen Artifizialekin aldez aurreko esperientziarik behar: axola duena euskara idatzi eta ahozko bikaina, xehetasunarekiko arreta zorrotza eta testua berridazteko gaitasuna da, argitasun eta zehaztasunagatik.

Ohiko zereginen artean daude, besteak beste, modeloak “prompt” desberdinekin probatzea, euskarazko arrazoiketa probatzea, itzulpenak berrikustea, erantzun naturalak lantzea, gramatika eta tonua zuzentzea eta testuinguru kulturala gehitzea, beraz, sortutako testua jatorra eta naturala sentiaraztea”.

Baina xehetasun bitxiak ez dira oraindik amaitu.

“Eskaera bidali ondoren, mesedez erantzun InMail honi (mezu honi) erantzuteko zure interesa baieztatzeko: honek zure berrikuspena lehenesten eta edozein galderari erantzuten laguntzen dit.

Ez jarraitzea nahiago baduzu, ez dago arazorik. Mesedez, baztertu InMail hau, eta gure zeregin honetarako zabaltzeko zerrendetatik kenduko zaitugu”.

Non dago gizakia, benetako pertsona bat, prozesu honetan guztian ba? Pantailaren aurrean eserita, mezuak irakurtzen eta bidaltzen? Lan-eskaintzan interesa dutenek betetzen eta bidaltzen dituzten formularioak prozesatuz? Edo ez dago ez leku batean ez bestean?

90eko hamarkadan lan-elkarrizketa bat egin nuen Madrilen, Microsoft jende bila zebilelako Microsoft Officeko laguntzak euskaratzeko. Seguru dakidana da ez zutela edonor kontratatzen ni kontratatu ez nindutelako. Kontua ez da lan ona egin ahal izan nuela, baina ea noiz izan den hori arazo bat batzuentzat. Office-eko laguntza desastre hutsa zen dagoeneko, baina nolabait bere funtzioa bete zuen. Inork ez zuen erabiltzen, inork ez duelako dokumentazioa irakurtzen, baina ziur nago batzuk aberastu egin zirela. Eta beste gutxi batzuk, sikiera hilabete batzuetan, lana izan zuten.

Ohar garrantzitsua: nik ez dut itzulpen lanik egiten, ezta AAak entrenatze lanik ere. Euskara aipatzen dut nire profilean (noski) eta pantaila baten aurrean lan egin dut urte askotan. Eta kito.

Nortzuk aberastuko dira honekin? Zer hondamendi berri ikusiko ditugu garatuko dizkiguten produktuekin? Nork eta nondik egingo digute hurrengo txerrikeria?

Gauza batzuk egiten dituzu, edo egiten dizkizute. Ez bakarrik politika. Baina baita ere.

Vicente "Bixen" Carrasco

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.