YPG eta YPJ barne hartzen duen SDFk eta Siriako presidente al-Golanik urtarrilaren 29an adostutako akordioak armen isiltasuna eraman du gehiengo kurduko lurraldetara, baina egungo bakea iraunkorra izango denik zalantzan jartzeko modukoa da, Ekialde Hurbileko orden postkoloniala abiadura bizian eraldatzen ari baitira indar korrelazioak eta bortizkeria.
Urtarrilaren hasierak data beltzak ekarri dizkio herri kurduari Sirian. Lehenik eta behin, Sheik Maqsoud eta Asafriyeh gehiengo kurduko Alepoko auzoak hartu zituen Siriako Gobernuak indarrez, irudi lazgarriak utzita. Gero Eufrates ibaiko ekialdea inbaditzeari ekin zion al-Golanik (Siriako presidente Ahmed al-Xaraaren gerra izena) eta tribu arabiarren traizio orokorra ikusita, SDF gerrilla gehiengo kurduko lurraldetara bildu zen. Gizarte osoa armatu eta mobilizatu zen orduan –ARGIAko kazetari Lander Arbelaitzek Rojavan bertan egiaztatu duen moduan– eta beste eskualde kurduetatik ere heldu zen laguntza, tartean Iraken menpeko Kirkuketik hara laguntzera joandako gazte bat hil zuen drone turkiar batek egun horietan.
Gauzak horrela eta hurrengo geltokia genozidioa izan zitekeela iritzita, SDFren eta Siriako Gobernuaren arteko akordioa heldu zen urtarrilaren 29an. Tratuaren orain arteko balorazioa desiguala da, ezinbestean. Alde batetik, Kobaneko setioa ez da amaitu. Jadanik sei ume hil dira osasun baldintzen endekapenagatik eta egoera humanitarioa hondamendi hutsa da. Herritarrak ez ezik, milaka errefuxiatu pilatzen dira barruan eta ez dirudi, momentuz, Turkiak ordaintzen dituen miliziak prestutasunik duten al-Golanik emandako hitza betetzeko.
Arlo positiboan, gerra, momentuz, uxatu dute. Sinatutako akordioak arlo ugari barne hartzen ditu, baina laburtzearren, orain arte ikusitakoa, kurduek lortu dute, gutxienez, armak ez uztea. SDF lau brigadatan banatu eta integratuko da armadan. Hiru Hasakan egongo dira eta bestea Kobanen, Alepoko administrazioan. YPJ ez da desagertuko eta hori berebizikoa da emakumeen iraultza lehen lerroan jarri duen proiektuarentzat.
Trukean, Siriako Gobernuko indarren talde txikiak sartu dira eremu kurduan, hori bai, tokikoak (Asayish) ez dira disolbatu eta dauden moduan jarraituko dutela iragarri dute. Bertaratu diren unitate islamista apurren eginkizuna badirudi izango dela integrazio prozesua ikuskatzea, eta horretarako aurretik Baxar Al Assaden gizonek okupatutako eraikinak hartu dituzte. Halaber, Hasak-eko frontean zeuden SDFko unitate militarrek euren postuak utzi dituzte Asayishen esku eta gobernuko militarrek hegoalderantz jo dute, Shaddadira.
Kurduen autoadministrazioak ere bat egingo du gobernuaren egituran, baina langileek euren tokietan jarraituko dute, bai zerbitzuetan zein mugetan eta petrolio putzuetan, nahiz eta horien kudeaketa batzorde mistoetan egingo den gobernuko ordezkariekin. Antza denez, Qamishloko aireportua laster funtzionamenduan sartuko da. Horrez gain, Noureddine Ahmed Autoadministrazioari lotutako ordezkari kurdua izendatu dute ofizialki Hasakako gobernadore.
Dudarik gabe, kurduek sustatutako utopiari mugak ezarri dizkio akordioak, baina funtsezko lorpenak ere izan dituzte, armei eustea eta emakumeen unitate militarrak ere mantentzea, besteak beste. Izan ere, Siriako gutxiengo desarmatuak etengabeko arriskuan daude al-Golani eta bere jihadisten menpe. Alauiek pairatzen dituzte iaztik hilketa eta abusu amaigabeak eta drusoek ere hori ekiditeko udan Israelen babesera jo zuten. Sionistek, jakina, erantzun zieten baiezkoarekin, horrek ahalbidetzen baitzien Siriako hegoaldea kontrolatzea, argudio gizatiarrak baliatuta (Gazan etengabe ukatzen dituztenak, bestalde).
Behin betiko bakea?
Edonola ere, SDFren mugarriak ezin dira hartu betikotzat. Hasteko, ez dagoelako inolako konstituziorik Sirian, ezta bideorri argirik horretarako. Zentzu horretan, akordioa ezerezean gera daiteke puntu ugari nola egikarituko diren ez delako zehaztu, hezkuntza kurdueraz izaten jarraitzea, adibidez. Ondorioz, liskarrak edozein unetan agertu daitezke berriro.
Urtarrilaren 29ko adostasuna unean uneko egoeraren eta indar korrelazioaren produktua da. Alde batetik, SDFk erakarritako babes diplomatikoa –agian indartsuena izan zen AEBetako Lindsey Graham senatari errepublikarrak egindako mehatxua zigor ekonomikoak berrezarri eta gogortzeko– eta, nola ez indar inperialisten premiak.
Ezin da ahaztu SDF eta siriar jihadistak eta salafistak elkar tirokatzen ziren bitartean, Ameriketako Estatu Batuak helburu politiko eta militar berriak jartzen ari zirela euren interesen mesederako. Une hauetan Iran ari da eramaten arreta handiena, bonbardaketak saihestezinak direla ematen duelako, baina estatubatuarren begiak Iraken ere badaude.
Trumpen kabineteak argi adierazi zuen urtarrilean Nuri Al Maliki presidentegaiaren hautagaitza ez zuela onartuko eta aste gutxitan bloke xiiaren koalizioak babesa kendu dio 2008 eta 2014 artean izandako Lehen Ministro ohiari. Errepublikanoentzat Al Maliki Iranen gizona da Iraken eta Trumpen administrazioaren planen artean Irakeko milizia xiiak desarmatzea eta Iranen eragina ezerezean uztea lehentasuna dira.
Agur yankiak
Paradoxikoa badirudi ere, Trumpen politika erasokorra eta militarista bada ere, armada estatubatuarrak, antza, Rojavan eta Iraken nabarmen murriztu du presentzia. Iaz Deir Ez Zoureko kuartelak hustu zituzten eta aurten Shaddadikoa suntsitu eta utzi dute eta Hasakan bide beretik doaz.
Beste garai batean, erabaki horiek tragikoak izango lirateke kurduentzat, baina urtarrileko gertakariek agerian utzi dute yankiek ez dutela ezer egingo SDFren alde. Soldadu estatubatuarrek bertatik bertara ikusi ahal izan dute nola al-Golaniren gizon armatuek Shaddadi, Tabqa edo Al Hol hirietako presondegiak husten zituzten, Estatu Islamikoko milaka eta milaka militante libre uzteko. Ondorioz, su etenak aukera eman dio Nazioarteko Koalizioari kurduen esku zeuden milaka jihadista preso Irakera bidaltzeko. Han epaituak izango dira eta Iraken heriotza zigorra indarrean dago.
Thomas Barrack negozio gizona eta Turkian eta Sirian AEBetako enbaxadore bereziak –Jeffrey Epsteinen lagun mina, bide batez– argi adierazi zuen: Estatu Batuek harremana zuten SDFrekin Estatu Islamikoaren aurka borrokatzeko, Assadekin ezin zutelako hori egin, baina orain Siriako Gobernua eurentzat onargarria denez, unea da handik alde egiteko eta gobernuaren esku uzteko.
Modu horretan, yankiek itxita jo dute Siriako espedientea, Israelekin harremana izango duen gobernu suniarekin eta Iranen erabateko etsaia izango dena. Berdin izan zaie bere soldaduek eta al-Golanikoek egindako patruila bakarrean armada siriarreko gizon batek bere burua zartatu eta bi soldadu estatubatuar hil izana, eraso suizida batean. Al-Golaniren gobernuaren izaera jihadista begi bistakoa izan arren, euren kontakizuna ez da aldatuko. Behin Iranen presentzia desagertuta Sirian, yankiei berdin zaie han zer gertatuko den.
Siriako espedientea benetan itxita?
Edonola ere, Trumpen administrazioaren harropuzkeriak eta premiek muzin egin diote Sirian metatzen ari diren kontraesan eta arrakala orori. Kurduen eta gobernuaren proiektu antagonikoak sortzen ari den talketako bat baino ez da. Horri gehitu behar zaio alauien etengabeko sarraskiak ohiko bilakatu direla eta sunien arteko tentsioa gora egiten ari dela etengabe.
SDF labainkatu zuten tribu arabiarrek eztei-bidaia izugarri laburra izan dute al-Golanirekin. Egoera ekonomikoak okerrera egin du ziztu bizian Raqqan, Deir Ez Zour eta Shaddadin. Lurralde guztiek pairatzen dituzte oinarrizko zerbitzuen arazoak, prezioen igoera lazgarriak eta subsidioak kendu izana. Shaddadin exodoa gertatu da jadanik. Raqqan eta Deir Ez Zouren gatazkak areagotu dira gobernuak ez dielako tribuei uzten petrolioa ustiatzen legez kanpoko findegi primitiboetan. Merkatu beltzari lotutako basamortuko ekonomia prekarioa ez da entelekia Siriako ekialdean eta erregai falta nabaritzen dute zentzu guztietan.
Ahaztuta badago ere, nabarmendu beharra dago Baxar Al Assaden kontrako protesten motibazio handia arrazoi ekonomikoak eta politika liberalen ondorioak izan zirela eta egoera hori biderkatu du al-Golanik. Horrez gain, gobernuaren indar bertebrala HTS (Hayat Tahir al Sham, Al Qaedatik sortutako erakundeetako bat) ez da gizon armatu gehien duena. Turkiak kontrolatzen dituen miliziak askoz handiagoak dira. Erdoganen esku hartzea ukaezina izanda ere, are gogorragoa izan daiteke eta hori oso baldintzatuta dago PKK eta Turkiako Gobernuaren arteko elkarrizketen norabidearen arabera. Ezin da oharkabean pasa al-Golaniren ostean, Siriako Gobernuko pertsona garrantzitsuena Al Shibani Kanpo ministroa dela, nazionalitate turkiarra duena.
Halaber, talde armatu txikiekin ere liskarrak biderkatu dira, Daaran edota Xamar tribuarekin. Azken kasu hori aipatzea ez dago soberan. Tribua YPG eta YPJko aliatu zaharrena izan zen Siriako Gerran –biek Al Qaedari aurre egin zioten gerraren hastapenetan–, urtarrilera arte. Orduan SDFri bizkarra eman zion. Horren integratuta zeuden Autoadministrazioan, ezen xamartarrek Sanadid unitate militar propioak baitzituzten. Orain Siriako Gobernuak desarmatu nahi ditu eta erresistentzia ere piztu du asmo horrek.
Koktel arriskutsu horren azken osagaia, baina ez arinena, Estatu Islamikoa da. Gobernuak milaka eta milaka militante askatu ditu eta HTSko zein Turkiako milizien lerroetan talde jihadista horren kide ohiak daude. Ikusteke dago zein proiektuk metastasizatzen duen bestea, baina Daexen erasoak hasi dira jadanik Siriako Hegoaldean eta Raqqako iparraldean. Ezin da ahaztu Kalifatoarentzat al-Golani Jihad-a saldu diela Israel eta estatubatuarrei eta ekosistema ezin egokiagoa sortzen ari dela bere itzulerarako; krisialdi ekonomikoa, benetako Islamaren kontzeptua saltzeko aukera, segurtasun falta...