Kupido musikalak

Udane Barinagarrementeria Laka/ARGIA CC-BY-SA

2026ko apirilaren 23an - 13:50
Azken eguneraketa: 2026-04-29 11:13
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Meison

Non: Hiltegixe gaztetxean, Berrizen (Bizkaia).

Noiz: apirilaren 18an.

-------------

Maitasun erromantikoari uko egitea erabaki dugunok –edo, zintzoagoak izatera, uko egin nahi izatearen kontraesanetan nabigatzen dugunok–, kolokan jarri nahi ditugu pertsona bakarraren bueltako bizi-antolaketak. Kupidoak eta idealizazioak. Bestelakoak dira, ordea, disko eta musika taldeekikoak. Izan ere, erromantikoki maitemindutako nerabe bat legez, fletxazoan bete-betean harrapatuta topatzen dut neure burua tarteka. Autoan, mendian, dutxan edo autobusean, disko batentzat bakarrik izaten dut lekua, astebete inguru irauten didaten harreman monogamoetan. Ultrapop (2026) izan da azkena.

Apirilaren 10ean kaleratu zuen bigarren lana Meison talde berriztarrak, Betepaeta zigiluarekin. Astebetera antolatu dute diskoaren aurkezpena Hiltegixen, etxeko berotasunean eta zigiluko kideen konpainian. Kupidok ez dit zalantzarako tarterik utzi eta abiatu gara Trabakuaren bestaldera, giro futbolzaleari iheska.

Hiltegiko leihoetatik ikusten den porlanezko habe grisei kontrastea egiten diete gaztetxeko pareta koloretsuek. Irudikatu, ospatu, saretu, antolatu, zaindu aditz zerrenda darama muralak. Dena taldearen ostean, 00:00etan igo dira oholtzara berriztarrak, eta beteta dago gaztetxea ordurako. Lehen notak jo orduko neska gazte talde batek hartu ditu lehen lerroak, eta bistakoa da lagunez inguratuta daudela bai oholtzakoak, bai oholtza aurrean kantari dabiltzanak.

Pop egitura dantzagarrietan hitz gordin eta existentzialak gordetzen ditu Meisonek. Gorde edo jaurti. Borla taldearen kronikan nioen ildo beretik, Langile Klasearen Popa da hau ere. Eta esango nuke joan den aste honetan ez naizela izan harreman monogamoan egon den bakarra; goitik behera abesten ditu publikoak disko berriko kantuak. 48240 (2024) lehen laneko abestietan lehertu da eztanda eta hasi da gaztetxea saltoka. Nostalgia eta esperantza gezur bana direla dakien belaunaldi bat pogoan. Elkar jo eta eusten diren besoak, irribarreak, eta eztarrietan galderak: Nor da hiria bertan gu ez bagauz? Zenbat pagau irauteko? Zenbat zapatu astelehen baten bizitzeko? Zeru zatirik eztogunien, agertuko al ga albuen? Nor da kalea eguzkia sartuten ez uzteko?

Urtaro erdia iragan zaigun honetan, udaberri berri baten aldarria dakar Meisonek. Ondarrutarrek azken abestian aurreratu bezala, ez dugulako erantzunik, baina bai gauzak esateko oraindik.


Irakurri gehiago: Kontzertuak Kultura Musika
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.