Zigorraren kulturari, Poliziari eta espetxeei alternatibak emateko nazioarteko kongresua egingo dute Gasteizen

  • European Group kongresuaren 54. edizioa irailaren 1etik 4ra bitartean egingo dute, Kultura punitibo-sekuritarioari alternatibak: askapen sozialerako antolakuntza lelopean. Polizia, espetxe, migratzaileen aurkako neurri edo zelatatze masiboaren aurrean alternatibak partekatu eta bultzatu nahi ditu kongresuak. “Euskal Herriko militante eta akademiko talde bat” ari da topaketa antolatzen. Programa osatzeko ekarpenak egiteko aukera zabalik dago martxoaren 23ra arte.

Iñigo Cabacasen heriotzaren auziko irudi bat rtve

2026ko otsailaren 9an - 07:12
Azken eguneraketa: 09:35
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

“Sutan dagoen mundu batean bizi gara, faxistizazio prozesu bizkortuan, polizien presentzia areagotzean eta ingurumen-suntsipenean sakontzen ari dena. Gaur, inoiz baino gehiago, ezinbestekoa da suntsipen hori posible egiten duten baldintzak abolitzeko lan egitea”, azaldu dute ekimenaren webgunean. “Horregatik, gonbidatu nahi zaituztegu kolektiboki alternatibak pentsatzera, irudikatzera eta aktibatzera (...) Gure gizarteak eta harremanak kutsatzen dituen kultura punitibo-sekuritarioari alternatibak”.

Kriminologia kritikoa, lurraldea eta borroka herritarrak

1973an sortu zen European Group for the Study of Deviance and Social Control (Desbideraketa eta Kontrol Soziala Ikertzeko Europako Taldea). “Kriminologia akademikoko eta aldi berean borroka sozialetako kide ziren pertsonek sortu zuten, bereziki espetxeen abolizioa aldarrikatzen zutenak, kriminologiaren korronte nagusiaren aurrean kontrol soziala ikuspegi kritikotik lantzeko”, azaldu dio ARGIAri kongresuaren antolaketa batzordeko kide Aitor Jiménezek. Ordutik Europa mailako kongresua antolatzen dute urtez urte. Iazkoa Suediako Malmö hirian burutu zuten eta aurtengoa, 54.ena, Euskal Herrian izango da.

Jaiotzatik taldearen oinarrietako bat akademiaren eta herrigintzaren arteko uztarketa izan dela dio Jiménezek, eta azken urteotan horretan sakontzeko apustua egin dutela. “Herri mugimenduak eta militanteak kongresura gonbidatzea ez da nahikoa, kongresuaren antolakuntzan eta saioetan parte hartzea da helburua”. Kongresuaren batzorde antolatzailean EHUko hainbat irakasle eta Araba eta Nafarroako Salhaketa elkarteak ari dira lanean.

Kongresua lurraldearekin eta bere borrokekin lotzeari ere garrantzia ematen diote antolatzaileek. “Gasteiz Arabako hiriburua da, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako bat; Frantziako eta Espainiako estatuen mugak zeharkatzen dituen herria, mendeetan bere independentziaren alde borrokatu dena. Gasteiz hiri bizia da, ehun sozial aktiboa eta autogestionatutako gune ugari dituena”, irakur daiteke webgunean. Gasteizko hainbat herri mugimendurekin jarri dira jada harremanetan haien espazioetan edo haiekin batera jarduerak antolatzeko, Jiménezek zehaztu duenez. Esaterako, Sumendi espazio autogestionatuarekin, Auzoan Bizi etxebizitza sarearekin, Martxoak 3 elkartearekin edo Abetxuko auzoko auzo elkartearekin.

Goizetan kongresua EHUko Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatean egingo da, eta arratsaldetan espazio komunitarioetan. “Europa osoko 100 pertsona inguru batu ohi dira kongresuan urtero, eta horiei Gasteizko eta Euskal Herriko pertsonak batuta, kongresu jendetsua espero dugu”, dio Jiménezek.

Ekarpenak eta proposamenak egiteko garaia

Irailean egingo dute kongresua, eta egitaraua ez dute itxita oraindik. Hain zuzen ere, antolakuntzatik gonbidapena egiten diete militante, akademiko zein eragileei proposamenak egitera. “Bereziki ongi etorriak izango dira gatazka sozialen eta praktika emantzipatzaileen bidez sortutako ikaspen, aurkikuntza eta ondorioak partekatzeko aukera emango duten proposamenak. Halaber, aktibisten, ikerlarien eta kolektiboen tailer, mahai-inguru, panel eta aurkezpen-proposamenak ere pozik jasoko ditugu”. Martxoaren 23ra arte bidali daitezke proposamenak, helbide honetara idatzita:

Hurrengo gaiak proposatu dituzte, baina bestelakoetara ere irekita daudela adierazi du Jiménezek:

- Despoliziazioa eta Poliziari alternatibak.

- Espetxeei alternatibak: harresietatik haratago, erantzukizun soziala.

- Justizia komunitarioa: gatazken konponketa estatu-mekanismotik haratago.

- Segurtasuna berreskuratzea (ingurumenekoa, energetikoa, elikadura-arlokoa, ekonomikoa, afektiboa).

- Zelataria zelatatzea: infiltrazioen aurka, polizia indarkeriaren dokumentazioa, estatuaren bigilantismoari buruzko ezagutzaren hedapena.

- Punitibismoa eta psikiatria.

- Transfeminismo abolizionistak.

- Biktimizaziotik biziraupenera.

- ACAB korronteak: borra eta espetxeen aurkako artea.

- Mugimenduen zaintza: mugimenduen gatazken eraldaketa tresnak, ezagutza eta esperientziak.

- Boteretsuen krimenak: zer egin? Nola egin?


Kontrol soziala kanalean gehiago
2025eko apirilaren 2
Teknologia
Burokraziaz

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.