argia.eus
INPRIMATU
Kultura garaikidearen sare bat Pirinioetan, diskurtso berriak sortzeko
  • Pirinioen bi aldeetan dauden interpretazio zentroen Patrim sareak mendikatearen ondare komuna balioetsi nahi du. Artisten egonaldiak bultzatuko dituzte Europako lankidetzarako diru-laguntzak baliatuta.

ARGIA @argia 2019ko apirilaren 25a

Denera nazioarteko 42 artista eta kolektibo aurkeztu dira uda honetan Pirinioetako interpretazio zentro eta museotan erresidente gisa aritzeko deialdira. Patrim+ proiektuaren baitan, Couseransen (Ariéja, Okzitania), Grausen (Ribagorza, Huesca) eta Ezkioko Igartubeitin (Goierri, Gipuzkoa) egingo dituzte egonaldiak aukeraturiko artistek. Irabazleen berri apirilaren 29an emango dute.

Egonaldiekin, zentro horiek dauden lurraldeen eta sorkuntza-prozesuen arteko topaketa erraztu nahi dute, presentzia artistikoa sendotuz.

Lehen aldia da ondarearen interpretazio zentro, museo eta ekomuseoen halako sare bat osatzen dela gure mendikatearen mugaz gaindi: “Pirinioak inoiz ez dira izan irmo itxitako muga, denbora luzez kultura, gizarte eta ekonomia arloko elkartrukeen lurralde handi bat baizik”, azaldu dute Igartubeiti museoko arduradunek.

Patrim+ proiektuaren barruan hitzaldi eta jardunaldiak ere antolatu dituzte. Ekainaren 6an eta 7an Lleidako Pirinioetan dagoen Esterri D’Àneu herriko ekomuseoan, tokiko ondare eta museoen erronken inguruan arituko dira; Europako hainbat bazterretatik etorritako unibertsitateko adituek hitz egingo dute bertan.