Kultur sorkuntzarako lan tresnak jarriko dituzte fokupean Durangoko Azokan

  • 61. edizioak abenduaren 4an zabalduko ditu ateak, eta 8an itxi. Kulturaren Jaialdia behin betiko leloarekin, Andoni Beristainen iruditeria da berritasun nagusia: adimen artifizialaren garaietan, kultur sorkuntzaren tresna klasikoetara jo du, nostalgia puntu batekin, baina euren balioa aitortzea helburu.

Durangoko Azokako 61. edizioaren aurkezpena, asteazkenean, Durangoko Landako Gunean. Maria Ortega Zubiate/ARGIA CC BY-SA

2026ko urriaren 28a - 12:16
Azken eguneraketa: 22:39
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Oraindik egitaraurik ez dute publiko egin, azaroko bigarren astean jakinaraziko dute hori, baina Durangoko Azokaren 61. edizioaren nondik norakoak dagoeneko aurkeztu dituzte: Kulturaren Jaialdia-k, 2026 honetan, kultur sorkuntzaren lehen katebegia, sorkuntza tresna bera, jarriko du fokupean. “Kate luze bat osatzen duten eragileek egiten dute Durangoko Azoka”, hasi da azaltzen Beñat Gaztelurrutia, Gerediaga elkarteko kudeatzailea. Eta Landako Gunea da, hain zuzen, lehen katebegia eta azkena –kultur kontsumitzailea– batzeko plaza. Hori horrela, adimen artifizialak giza lana ordezkatuko duela dioen mamuaren aurrean, nostalgia ariketa egin eta kultur sorkuntza analogikoa jarri dute mahai gainean: aurtengo irudiko bost kartel nagusietan ikusi daitezke idazmakina, irrati eta bideo grabagailu eta entzungailu antzinakoak, eta pinturako paleta.

“Proiektu honekin helburua izan da betiko edo aspaldiko betiko moduak eta horretarako erabilitako tresnak aldarrikatzea”, azaldu du Beristainek. Kulturaren jaialdiaren egunetan mota horretako kartel gehiago egongo dira, bestelako lanabes batzuekin, baina guztiak estetika bera eramango dute: estilo sotilean eta kolore bakarreko mihisearen gainean. Artista zumarragarrak bereziki azpimarratu du adimen artifizialaren inguruan dagoen gatazka, eta garai batzuetan teknologia berriekin zegoenarekin alderatu du; bere garaian telebistak irratia hil behar zuela uste zela gogorarazi du, baina, kontrara, bere koadroetan erakutsitako mikrofono retro-ak ugaritzen ari direla aldarrikatu du. Dena den, azpimarratu du egungoa zertxobait berezia izan daitekeela, abiadura bizian baitoa aldaketa, eta egun batetik bestera sortzaileen lana ordezkatzearen aurka agertu da. 

61. Durangoko Azokako iruditeria, Andoni Beristainek egina. Argazkia: Maria Ortega Zubiate / ARGIA CC BY-SA

Aitortu du, era berean, Durangoko Azokako iruditeria egiteko enkargua pozez eta ohorez jaso eta ilusio handiz egin duela, urte askoan Bartzelonan egon ondoren itzuli baita Euskal Herrira, herriminak ere eraginda.

Konstantzia eta aniztasuna

Aspaldi igaroa du Durangoko Azokak mende erdiaren langa, eta iraunkortasunak eman dio euskal kulturaren plaza nagusi izateko ohorea. Iaz eman zuen saltoa urteroko leloaren bila ibiltzetik denominazio iraunkorrera; harrezkero, Kulturaren Jaialdia izenak azokaren “izaera eta egindakoaren zentzua” jasotzen ditu, horixe nabarmendu du Gaztelurrutiak. Eta ildo horretatik jarraiki, kudeatzaileak azpimarratu du kultura egoteko, katebegiaren lehen pauso hori emateko, kulturgileek behar dituztela zenbait baldintza: “Sorkuntzak irudimena behar du, baina baita formakuntza, lana, arreta eta iraunkortasuna ere”.

61. Durangoko Azokako iruditeria, Andoni Beristainek egina. Argazkia: Maria Ortega Zubiate / ARGIA CC BY-SA

Hain zuzen ere, sortzaileei eskerrak eman dizkie, eta azkenaldian zenbait euskal sorkuntzak izan duten arrakastaz ere mintzatu da: “Euskarazko zenbait ekoizpen arrakastatsu pozik ikusi ditugu. Nahi genuke piztutako jakin-minak bidea egiten jarraitzea”. Euskal kulturaren hartzaileen kopurua igotzearen aldeko aldarria egin du: “Ez gara kulturzale gutxi, baina gehiago izan gaitezke”. Izan ere, azaldu duenez, Durangoko Azokara bertaratutako gehienak aurreko urteetan ere izandakoak dira. Hori horrela, jada egondako horiei bertaratzeko gonbidapena egiteaz gain, inoiz izan gabekoei ere zuzendu zaie: “Ezagutu ez dutenei ere deia egiten diegu etortzeko, hemen aurkituko baitituzte izozmendiaren tontorra bakarrik ez, barrenak ere bai”.

Inoiz baino nobedade gehiago

Azken urteetan urtero egon dira inoizko nobedade gehien Durangoko Azokan, egitasmoa hazten ari den seinale. Oraindik erakusmahai eta ekitaldi kopurua ez dute jakinarazi, baina Gaztelurrutiak aurreratu du iaz baino ekitaldi gehiago egongo direla: “Bost eguneko azoka dugu aurten, iaz baino egun bat gehiago izango dugu aurkezpenekin, eta hala ere eskaera guztiei ezin izan diegu baiezkorik eman”. Landako Gunea txiki geratu ote zaien galdetu dute kazetariek, eta kudeatzaileak azaldu du izena eman duten gehien-gehienek tokia izaten dutela bertan, 4.000 metro koadro baititu guneak. “Itxura ederra izango du, iaz erakusmahaiz bete zen eta aurten ere errepikatu egingo da. Azoka arrakastatsua espero dugu”, laburbildu du Gaztelurrutiak.


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.