Kultur programazioa etengo du Bilboko Birak, diruz ezin sostengatuta

  • "Birak zabalik segituko du eta hainbat aktibitate ere izango dira, baina ez orain arte bezala", adierazi dute asteazken gauean sare sozialetan: "Une honetan ezinezkoa zaigu, zoritxarrez, denbora libretik edo lan militanteetik aritzen jarraitzea". Urrian hamar urte bete ditu Bira kulturguneak; urteotan ia bi mila kultur saio antolatu dituzte.

Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.

2026ko azaroaren 4a - 20:30
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Oihana Bartra bertsolari eta Birako kideak duela urtebete pasatxo iragarri zuen ARGIAko orrietan, elkarrizketa batean: "Bira kulturgunea, esate baterako, une larrian dago. Dirulaguntza publikoak jasotzeari utziko diogu neurri handi batean, eta horrek guztia birpentsatzera derrigortu gaitu. Dena bertan behera uztea ere mahai gainean egon da, baina badirudi proiektu honek aurrera jarraituko duela bihotz oneko jende militante asko dagoelako. Hala ere, neurri berria asmatu behar dugu proiektuarentzat".

Aurrerantzean neurri berri batean segituko du aktibo Bira kulturguneak, betiko leku berean, Bilboko Alde Zaharrean. Gune fisikotik harago, duela hamar urte ateak zabaldu zituenetik, espazio bizi eta aberasgarria izan da, gune euskalduna, "kulturatik eta euskaraz bizitzeko eta komunitatea osatzeko" elkargunea, eta arduradunen esanetan, euskarazko kultur eskaintzaren artean, kopuruz, Bilbon inoiz izan den bigarren espazioa. Hamar urtetan, 1.962 kultur saio antolatu dituzte; azkenaldian, gutxi gorabehera, 250 kultur jarduera inguru urtean. Imajina daiteke zifra apalagoak izan direla aurreratzean.

Hitzez hitz esan ez badute ere, Lutxo Egiak –bera ere Birako kide da– Berria-n idatzi duen artikuluan uler daiteke arazo ekonomikoak daudela atzean: "Administraziori, orokorrean, piperrik ere ez [zaio axola]. Hamar urtean, kasu, 2.638 euro jaso ditugu Eusko Jaurlaritzatik. 2021ean jaso genituen eta hurrengo urtean etsia hartu genuen. Beharbada, jauzi luzeak obratu ordez, urrats txipi sendoen beharrean gaude, jausi barik".

Eusko Jaurlaritzak Jauzia Gara ekimena aurkeztu du berriki, euskarari "jauzia" emateko helburuz, "tabernetako elkarrizketak eta herriko plazak ere bete ditzan euskaraz", hitzez hitz horrela dio gobernuaren proiektuak. "Hala izan bedi, baina batek daki, niri neuri kontuak ez zaizkit ateratzen ongi", dio Lutxo Egiak aipaturiko artikuluan. Jaurlaritzaren "jauzi" horrez ari da Egia izenburura ideia hau eraman duenean: Jauziaren jausiak.


Irakurri gehiago: Kultura Bilbo Euskal Herria Bizkaia
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.