Atzerriko enpresek Kubatik alde egin dute, AEBen zigorrak ekiditeko; tartean daude Visa eta Mastercard banketxeak ere, eta aurrerantzean ezingo dute txartelarekin ordaindu uhartean. Kubako agintariak eta enpresak ere zigortu ditu Washingtonek, eta Díaz-Canelek eta bere eta Raul Castroren senideek ezingo dute eragiketa ekonomikorik egin AEBetan.
Kubako sei hamarkadako blokeoak bere momenturik gordinenak bizi dituela dioenik badago. Ofizialki erregairik gabe, eta eguneroko energia mozketekin, Donald Trumpen gobernuak presioa eragiten jarraitzen du. Aste honetan jakinarazi dute hotel enpresa handiek herrialdea utzi dutela, eta gauza bera egin du Kubari nazioarteko banketxeekin harremanak ahalbidetzen zizkion entitateak; atzerriko enpresen ihesa AEBek maiatzaren 1ean hartutako erabakiaren ondorio da, Kubako Gobernuarekin negozioak dituzten atzerriko enpresei AEBetan dituzten ondasunak blokeatuko zituela hitzeman baitzuen. Ekonomiaren pobretze horretan heldu da azken zigorra: agintariak eta gobernuko zenbait agentzia eta bi enpresa zigortu dituzte, eta aurrerantzean blokeatuta izango dute AEBetan eragiketa ekonomikoak egiteko bidea.
“Hamarkada luzetan, Kuba ezker muturreko terrorismoaren mundu mailako hiriburua izan da. (...) Gaur, Kubaren operazio suntsitzaile eta erradikalen gaitasuna eta finantzaketa ahalbidetzen duen sarea xede ditugu”, mezu horrekin jakinarazi du Marco Rubio AEBetako estatu idazkariak, Kubako presidentea eta bere eta presidente ohiaren ingurua zigortzeaz gain, zenbait entitate ere zigortuko dituela, eta, beraz, ezingo dutela AEBetan operaziorik egin: Kubako Indar Armatu Iraultzaileen Ministeritza (MINFAR), Kubako Herrien Laguntasun Institutura (ICAP) eta Iraultzaileen Defentsarako Batzordeak (CDR). Kubako bi enpresa ere zigortu ditu: La Victoria mehatzea eta Amistur turismo agentzia.
Azken erabakia Kuba itotzeko azkenengotariko pauso gisa irakurri dute askok, Venezuelaren mamua bizirik baitago oraindik Kuban. Urtarrilean AEBek herrialdeari eraso egin eta Nicolás Maduro presidentea bahitu zutenetik, hurrengoa Kuba izan daitekeela diote askok, uhartea “hiltzen” utz dezakeela Trumpek. Miguel Díaz-Canel presidentea luze eta zabal elkarrizketatu dute ElDiario.es-en, eta AEBen balizko inbasio militarraz galdetuta, presidenteak erantzun du AEBek hiru aukera dituztela mahai gainean Kuba erorarazteko: batetik dago herrialdea ekonomikoki itotzea, jendearen altxamendu batek justifikatuko lukeelako AEBen esku-hartzea; bestetik elkarrizketaren bidea dago, presioa eragiteko; eta azkena da eraso militarra.
Trumpekin, hasieratik oker
Elkarrizketa, negoziazio posiblerik ba ote dagoen galdetu diote Díaz-Caneli, eta presidenteak horretarako borondatea erakutsi du, baina nabarmenduta presiorik gabeko eta baldintza parekideetan egindakoa izan behar dela. "Zergatik nahi dute ikusarazi elkarrizketa eramaten dutela puntu batera guk irteerarik ez daukaguna, presio gorenera edo gure posizioa baldintzatzera eramaten gaituztela?". Hor daude, beraz, Kubaren marra gorriak.
Eta Donald Trump boterean dagoenetik, harremanak inoizko okerren daude. 2020an boterea lortu zuenean, Obamarekin harreman hobea eta "irekitasuna" lortzetik zetozen kubatarrak, baina Etxe Zuriko maizter berriak goitik behera aldatu zuen egoera. Sartu berritan antzeman zitekeen Kubari presio ekonomikoa eragiteko asmoa zuela: AEBetara sartzeko visa elektronikoa ukatzen baitio 2021etik aurrera Kuba bisitatu duen edonori. Lehen kolpea, beraz, Kubaren sarrera ekonomiko garrantzitsuenetakoan, turismoan; herrialdearen BPGaren %10etik gora heltzen da sektore horretatik. Lehen neurri horren ondoren heldu ziren beste 240, Kuba "terrorismoa babesten" duen herrialdeen zerrendan sartuta nazioartetik isolatu zuena ekonomikoki.
Neurri horiek indarrean daude oraindik, Bidenen administrazioak ez baitzituen indargabetu; eta horren atzetik heldu dira azkenak, petroliorik gabe utzi dutenak herrialdea, bertaratzen diren petrolio-ontziak geldiarazten baititu iparraldeko bizilagunak; eta beren ekonomia sarbide nagusietakoa desagerrarazteraino erasan duena.
Eztabaida zail dago, beraz, bi herrialdeen artean.