Maiatzean Bartzelonatik ateratako Astral itsasontziak ostegunean hartu du lur Kuban, 150 gizarte eragile eta alderdiren babesarekin; tartean, EH Bildu eta Ekologistak Martxan. Blokeoa apurtzeko asmoarekin, ospitaleetarako eguzki panelak, botikak eta materiala daramatzate.
Aurtengo martxoan, Kuba pairatzen ari den gero eta blokeo estuagoaren aurrean, bi flotilla iragarri zituzten: bata Nuestra América (Gure Amerika), Mexikotik aterako zena; eta bestea Rumbo a Cuba (Kubara bidean) Bartzelonatik atera eta Ozeano Atlantikoa gurutzatuko zuena. Maiatzean abiatu zen azken hori, Open Arms GKEaren Astral itsasontziarekin, eta ostegunean heldu da Habanako portura, zazpi tona laguntza humanitario aldean dituela. Juan Manuel Márquez ospitale pediatrikorako eguzki panelak daramatza itsasontziak, baita botikak eta laguntza humanitarioko materiala ere. Flotillako kideak heldu berritan, bilerak iragarri dituzte Miguel Díaz-Canel Kubako presidentearekin; baita Silvio Rodriguez musikari kubatarrarekin ere.
Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatzeko abiatutako flotillen ideia beretik sortu zen Kubakoa ere. AEBek uhartea itotzen dutela salatzeko, eta era berean, laguntza humanitarioa eramateko asmoz, nazioarteko 150 erakunde eta eragileren babesa jaso dute Amerika eta Europatik ateratako konboiek. Lehena, Mexikotik atera zena, martxoan heldu zen uhartera, 30 tona laguntza humanitariorekin. Aurpegi ezagunak egon ziren orduko hartan, tartean Thiago Ávila ekintzaile brasildarra, Gazarako konboian Israelek bahitu eta torturatu zuenetako bat.
Oraingoan, Bartzelonatik ateratakoan, zenbait erakunde eta alderdi politikotako ordezkariak daude, tartean BNG eta Podemosekoak. Eta bertaratu ez badira ere, beste zenbait alderdiren babesa jaso du flotillak: Euskal Herritik EH Bildurena, baita zenbait erakunderena ere, Ekologistak Martxan kasu.
Kuba, itotzen
Ekialde Hurbilera eta Amerikara joan diren bi flotillek helburu humanitario bera badute ere, oso foku mediatiko ezberdina jaso dute. Azken horrek, Kubakoak, hilabete pasatxo eman du itsasoan Karibera heldu aurretik, eta bidean egin dituen egunetan uharteko politika zeharo aldatu da. Maiatzean atera zen Vicente de la O Levy Energia eta Mehatze ministroa prentsa aurrera uhartean erregairik ez zegoela esanez. Muturreko egoeran zegoen ordurako herrialdea, egunero 22 ordutik gorako itzalaldiekin. Egoera horretara heldu ziren AEBek blokeoa koska bat estutu zutenean: iazko urrian inoizko blokeorik zorrotzena jarri zuen Trumpen gobernuak. Horri gehitu behar zaio aurtengo urtarrilaren 3ko Nicolás Maduro Venezuelako presidente eta Kubako aliatu ia bakarraren bahiketa.
Horrela, bada, uhartea petroliorik gabe geratzen joan da, eta petrolio sarbide bakarrenetakoak izan zitezkeen ontzi humanitarioek ere debekatua izan dute sarrera, AEBek mehatxu argia egina baitzuten: petrolioa bidaltzen duen orori muga zergak igoko zizkien. Ondorioz, maiatzeko iragarpena, herrialdea petroliorik dagoela, saihestezina bihurtu zen.
Eta egoera horrela, muturrekoa izanik, Kubako Gobernuak neurriak hartu ditu. Ekainean egin da publiko Kubako Gobernuak ezarri berri duen erreforma ekonomikoa: 167 neurritan herrialdeko ekonomia “deszentralizatzea” du helburu gobernuak, blokeoari hobeto aurre egiteko. Edozelan ere, sozialismoa “babesteko” neurriak direla azpimarratu du Manuel Marrero lehen ministroak.