Alor gehienak ukitzen ditu erreformak: turismo-garapenaren eredua, ekonomiaren jabetza-formen eraldaketa, gizarte-babesa, atzerriko inbertsio-esparrua zabaltzea, soldaten erreforma edota Kubako tokiko autonomia. Miguel Diaz-Canel presidenteak berak eman du horien berri telebistaz.
Ostegun honetan onartu ditu erreformak Kubako Herri Boterearen Asanblea Nazionalak, bertako legebiltzarrak. Manuel Marrero lehen ministroak ostegun honetan adierazi du ez direla neurri “zurrunak” eta horiekin ez zaiola uko egiten sozialismoaren eraikuntzari, baizik eta “hura babesteko ezinbesteko baldintzak” direla.
“Herriaren bizitza hain gogor bihurtzen denean, Alderdi Komunistaren eta Gobernu Iraultzailearen lehen betebeharra ez da krisia hobeto azaltzea, krisitik ateratzeko beharrezkoa dena aldatzea baizik”, esan du Miguel Diaz-Canel presidenteak, neurri sorta aztertu duen ezohiko saio parlamentarioan. Diaz-Canelek adierazi duenez, “Gure Kuba maiteak, mende honetako ordurik zailenak bizi ditu eta hura salbatzeko ardura historikoa dugu. Aldatu behar den guztia aldatzeko garaia da”.
Manuel Marrero lehen ministroak eman du erreformaren berri zehatza legebiltzarrean. Zehaztu duenez, lan talde bat sortuko da kudeatzeko erreformek herrialdearen ordenamendu juridikoan duten eragina. Turismoa Kubako alor garrantzitsuenekoa da eta sektorean eragile berriak sartzea aurreikusten du, "modalitate berriekin", atzerriko inbertsio zuzena sustatzea (batez ere kubatar ez-egoiliarrentzat), eta sektore pribatuaren rola handitzeko neurriak hartzea.
Halaber, enpresen porroterako, likidaziorako eta berregituraketarako prozedurak sortzea aurreikusten du, baita estatuko enpresak akzio edo partaidetzen bidezko merkataritza-sozietate bihurtzeko aukera ere. Estatuak ekonomiaren sektore guztietan duen partaidetza definituko du, eta gehiengo posizioari eutsiko dio garapen nazionalerako estrategikotzat jotzen diren alorretan.
Nekazaritza, kanpo-merkataritza eta higiezinen sektorea ere nabarmen ukitzen ditu erreformak eta horien dinamizatzea ekarriko luketen aldaketak jasotzen ditu, besteak beste erabakiak hartzea deszentralizatzea eta estatuko eta udalerrietako enpresei "autonomia" handiagoa ematea.
Gainera, kapital pribatuak finantza-jardueran partaidetza handiagoa izatea baimendu nahi du, banku pribatu bat sortzeko aukera barne, Banku Zentralaren ikuskaritzapean eta estatuko banku-sistemaren erregulazio berberen mende.
Elikadurari dagokionez, Kubako presidente Diaz-Canelek “segurtasun nazionaleko esparrua” dela adierazi du eta aurrerantzean lur guztiak elikagaiak ekoizten jarriko dituztela: “Edo lurra landu dezakeenak egiten du zeregin hori edo lurra landu nahi duenari emango zaio”. AEBen blokeo estuak ekarritako krisi energetiko larriari aurre egiteko irtenbide deszentralizatuak bultzatuko direla azpimarratu du, eguzki-energiari, bestelako energia berriztagarriei eta biltegiratze sistemei lehentasuna emanda. Horretarako atzerriko enpresei sarrera zuzena erraztuko zaie, horrela “herritarrentzako eta herrialdearentzako kostuak garestitzen dituzten bitartekariak murriztuz”.
Telesur-eko albiste honetan zehaztasun handiz jasotzen dira erreformaren nondik norakoak.