Karibeko uharteak aspaldiko krisirik larriena bizi du egun: Venezuelako eta Mexikoko petroliorik barik, baliabideak tantaka heltzen ari dira bertara. Sei hamarkadatako blokeoak ohituta badu ere, bere ohiko aliatuak ere ari da galtzen irla, eta gobernuak "gerra egoera" deklaratu eta herritarrak mobilizatu ditu. Bien bitartean, nazioarteko ontzidi batek ahaleginak egingo ditu, martxoan, blokeoa apurtzeko.
Hiltzen utzi duten eskeletoa da Kuba. Horixe aldarrikatu zuen, zeharka, Donald Trumpek urtarrilaren 3an Nicolás Maduro Venezuelako presidentea bahitu zuenean: Kuban gauza bera egitea baztertu zuen, “bere kabuz” eroriko baitzen uhartea. Praktikan, ordea, ez da horrela izan, aktiboki bultzatu baitu uhartea erortzea AEBetako Gobernuak, bere aliatuak banan-banan geldiarazita. Petrolio iturri nagusia kendu zion lehenengo, Maduro kartzelan sartzearekin batera; Claudia Sheinbaum Mexikoko presidenteari muga zerga gogorragoekin egin zion mehatxu petrolio ontzirik bidaltzea otutzen bazitzaion. Eta horrela, apurka-apurka, uhartea are bakarrago eta isolatuago geratu da, gutxieneko zerbitzuak ziurtatzeko gaitasunik barik, eta etor daitekeenaren esperoan.
Krisi humanitario larrian dago uhartea. Oinarrizko zerbitzuak kolokan daude; berez du zaila horrelakorik ziurtatzea uharteak, sei hamarkadaz bere iparraldeko bizilagunak horretan oinarritu baitu kanpo politika. Baina orain, Gerra Hotzaren logika ustez ahaztua berpiztu du Trumpek eta aliatu guztiak neutralizatu dizkio. Baditu bi aliatu, ordea, oraindik galdu ez dituenak: Txinak eguzki panelak eraman ditu herrialdera, petrolioaren eskasia nolabait salbatzeko. Gobernuak adierazia du ahal duen neurrian lagunduko duela uhartea. Eta beste erraldoia ere uhartearen alde azaldu da, oraindik Putinen gobernuak nola lagunduko duen iragarri ez badu ere.
Edonola ere, petrolioaren faltak zuzenean eragiten du ongizatean: gobernuak gasolina errazionatu du, itzalaldiak eguneroko kontu dira (asteartean, esaterako, uhartearen %56k pairatu du), elektrizitatea sortzen duten zentral elektrikoen erdia ez dago martxan eta garraio publikoa geldituta dago. Eta zer esanik ez oinarrizko-oinarrizko zerbitzuen egoeraz, elikagaien eta botiken banaketetan guztiz eragin baitu hornigai faltak. Baita, sinbolikoki, zakarraren kudeaketan ere. Eta horrela gurutzatu dute mundua dozenaka irudik, zakarrez betetako kaleak ageri dituztenak, zakar mendiak espaloi alboetan.
Bien bitartean, urtarrilaren 29an, AEBek “larrialdi nazionala” deitu zuten, Kuba “mehatxua” baitzen beren segurtasunerako; eskeleto ia hila omen zena mehatxu bihurtu zuen Trumpek kolpe bakarrez. Larrialdi horren baitan egin zion mehatxu Claudia Sheinbaum mexikarrari. Horri erantzunez, Kubako presidente Miguel Díaz-Canelek “gerra egoera” deitu zuen, eta kubatar guztiak mobilizatu zituen “defentsarako prestakuntza planerako”. Horrela, larunbatero ariketa militarrak egiten dituzte kubatarrek.
Nazioartean, itxaropen izpi bat
“Ez dago ehun urte iraungo duen gaitzik”, dio esaera zaharrak, eta ez da kubatar gutxiren ahotan entzun hori. 1959tik AEBen blokeoaren biktima izan dira, eta nazioarteak entzungor nola egin duen ikusi dute –batez ere 1991tik aurrera, Berlingo harresia eta Mendebaldeko blokeari aurre egiteko esperantza oro erori zirenean–. Baina orain, uharteak bizi duen enegarren krisian, nazioartean erreakzio lotsatiren bat nabaritu da. Martxorako nazioarteko ontzidi bat iragarri dute nazioarteko zenbait eragilek, Gazara joandako Sumud ontzidian inspiratuta, enbargoa salatu eta blokeoa hausten saiatzeko. Horrez gain, medikuntzarako materiala ere eramatea dute helburu, ospitaleak babestea baitute lehentasun. “Itoaldi ekonomikoa genozidio gisa ulertzea” nahi du, azken finean, ontzidiak. Keinuak dira, baina sinbolismo handia dute Kuba guztiz ahaztuta izan duen munduaren partetik.
Sheinbaumek, bere aldetik, publikoki adierazi du ez dagoela alde petrolio ontzia ez bidaltzearekin, nahiz eta neurria onartu duen. Dena den, laguntza humanitarioa daraman ontzia bidali du uhartera. Eta Brasilen, bertako petrolio langileen federazioak kanpaina abiatu du gobernuak Kubara petrolioa bidali dezan; herrialde berean, medikuntzarako materiala bidaltzeko kanpaina abiatu du MST landa eremuko langileen batasunak.
Eskeleto bihurtu eta bakartu duten uharteak azken hatsa emango duen oraindik ikusteko dago. Nazioartearen fokua eskuratzeak lagunduko dion ere ez da ziurra, baina mugimendua egon, badago.