Kronika Lampedusatik: zure begiekin ikustea oso desberdina da

  • Festa giroan ginen Lampedusako portuan eta bat batean Askabusako Giacomo arduradunak afrikarrez jositako ontzi bat zetorrela esan zuen. Lau kide ikustera abiatu ginen. 250 lagun afrikar ziren, hamabost emakume eta gainerakoak gizonak. Kostako Guardiak portu militarrean jaitsi zituen. Libiatik zetozen, nekatu aurpegiekin baina sendo. Identifikazio argazkiak egin, manta termikoa eman eta autobus batean igo zituzten Lampedusan dagoen atzerritarren internazio zentrora eramateko. Egoera benetan hunkigarria guretzat.

Joseba Maiza  |  Arkaitz Gartziandia Beltza
2016ko abuztuaren 30a
Libiako itsasontzia Lampedusako portuan (argazkia: Harresirik Gabeko Lurraldeak).

Behin afrikar jatorriko gizakiak hara iritsita, Frontex eta Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GKE) eskuetan geratzen dira. GKE-ek hamar minutuko hitzaldi bat ematen diete, beraien egoeraren berri izateko. Atzerritarren internazio zentro honetan lan egiten duen langile anonimo batek esan digunez, momentu honetan, afrikarrak oso nekatuta iristen dira, ez dakite non dauden eta deskantsatzeko gogo handiak dituzte. Egoera horretan, Frontexeko poliziak modu atseginean afrikar lagunak identifikatzen saiatzen dira pare bat minutuz. Bi aukera ematen dizkiete, errefuxiatu ekonomikoa edota babesa behar duen errefuxiatua izatea. Poliziaren helburua gehienak errefuxiatu ekonomiko bezala sailkatzea izaten da, horrela, 72 ordu zentroan pasatuta, inongo eskubiderik ez duen gizaki bihurtuko da gure laguna. Antzerki itxurako identifikazio honen ostean, zentroko Miserikordiako arduradunek, poltsatxo bat ematen diete zenbait arropa eta higiene tresnarekin, eta ondoren zerbait jan eta ohera. Dena den, badaude gaixo datozen afrikar batzuk eta identifikatu ostean, zentroko medikuarengana joan eta haien beharraren arabera gela berezietan geratzen dira.

Siziliako edota Italiako beste zentro batzuetara bidaliko dituzte Lampedusatik irtetean. Egindako bidaia luzearen ostean ez dute amorerik emango ordea

Atzerritarren internazio zentrora sartzeko baimen berezia behar da, guk lortu ez duguna. Hala ere, haiek ikusteko grina handia zen eta zentroa gertutik ikusteko aukera bururatu zitzaigun. Bi menditxoen babespean dago eta gu mendi magal batera igo gara haiek ikusteko. Afrikarrak hitz egiten eta, zorionez, baloi batekin jolasten ikusi ditugu, pentsatzen genuena baino hobeto.

Haien errealitatea ordea bestelakoa izango da Lampedusatik irteterakoan. Siziliako edota Italiako beste zentro batzuetara bidaliko dituzte. Errefuxiatu-babesa lortu duten afrikarrak linbo legal batean geratuko dira eta zorte pixka batekin aurrera egiteko aukera izango dute Italian edo Europar Batasuneko edozein estatutan. Errefuxiatu ekonomikoak ordea, ilegalak izatera pasako dira eta zazpi egun emango dizkiete Italiatik alde egiteko. Egindako bidaia luzearen ostean ez dute amorerik emango eta borrokatzen jarraituko dute gehienek. Sistematik kanpo ateratzea erabakitzen dutenen bideak zailak eta arazoz beteak izango dira. Askotan estatuekin konbenientzian, mafiaren bitartez kontrolatuko dituzte. Arrazakeria eta esplotazio laborala hortxe izango dituzte itxaroten eta bereziki latza izango da adin txikikoen eta emakumeen kasua, hauek arrazakeria eta esplotazio laborala sufritzeaz gain, esplotazio sexualerako sareen eskuetan erortzen baitira kasu askotan.

Inpotentzia handia eta larritasuna sortu du edukitako ezagutza honek gure taldean, ez baita berdina  bidegabekeria hau berrietan ikustea edo lehen pertsonan.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Migrazioa kanaletik interesatuko zaizu...
Eguneraketa berriak daude