Krisi humanitarioa Greziako mugan

  • Egoera etengabe ari da belzten Turkiako eta Greziako mugen artean: milaka dira bertan pilatutako errefuxiatuak, eta horien aurka indarkeria darabilte poliziek zein faxistek; dagoeneko bi dira hildakoak. Egoera salatzeko, asteazkenean elkarretaratzeak egingo dituzte Bilbon.

Errefuxiatuak hondartzan kanpatuz, Moriako kanpalekua gainezka baitago eta faxistek irlako beste puntuetara igarobideak blokatzen baitituzte (Argazkia: Ane Irazabal)

2020ko martxoaren 3an - 12:08
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Otsailaren 27an Siriako Armadak hogeita hamarretik gora soldatu turkiar hil zituen Idliben, eta erasoaren ondotik Turkiak mugak zabaldu dizkie errefuxiatuei, Europari presio egin asmoz. Ordutik, egoera belztuz doa etengabe Turkia eta Grezia arteko mugan.

Milaka dira bi mugen artean harrapatuta dauden pertsonak, eta denborak aurrera egin ahala handituz doa Greziako ateetan dagoen errefuxiatu kopurua. Izan ere, Recep Tayyip Erdoganen gobernuak Turkiako mugak irekitzearekin batera, Kyriakos Mitsotakisen gobernuak bere herrialdekoak itxi zituen. Mugak ixteaz harago, muturreko neurri gehiago hartu ditu Greziako gobernuak: asilo eskaerak bertan behera utzi ditu hilabetez, eta deportazioak azkartzeko asmoa ere agertu du.

Egoera horretan, poliziaren eta errefuxiatuen arteko liskarrak geroz eta maizago ari dira ematen. Greziako Poliziak indarkeriaz oztopatzen die bidea beren herrialdera bidean doazen errefuxiatuei. Hainbat irudik jaso dute nola eraso egin dieten gas negar-eragileaz, baita haurrei ere:

Muturreko indarkeria ari dira erabiltzen errefuxiatuen aurka, hildakoak ere eraginez. Muga igarotzeko saiakeran ari zela Greziako Poliziak Mohammad al Arab hil zuen, 22 urteko gazte siriarra. Bestetik, Lesbos irlatik gertu ontzi bat irauli ondotik, adin txikiko bat itota hil da.

Astelehenean sarean hedatutako irudietan ikus daiteke nola egiten dioten bultza kostazainek errefuxiatuz betetako txalupa bati, bueltako bidea hartu dezaten; antzeman daitekeenez, makilaz ere jotzen dituzte ontzian doazenak. Irudiak jaso zituen Mark Stonek emandako informazioaren arabera, bultzada eta kolpeez gain, uretara tiro egin zuten kostazainek:

Testuinguru bortitza are bortitzagoa bilakatu du faxisten jardunak. Lesbosera iristen diren errefuxiatuei bidea moztu eta eraso egiten diete eskuin muturreko jendeak. Irlako errepideetan kontrolak jarri dituzte, bertatik igarotzea oztopatuz. Hibai Arbide kazetariak bideo honetan jaso du heldu berri diren errefuxiatuei nola egiten dieten garrasi, Turkiara bueltatzeko oihukatuz:

Faxistek kazetari eta gobernuz kanpoko erakundeen aurka ere jarrera oldarkorra darabilte. Igandean, adibidez, ACNUR Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuen Laguntzarako Agentziak Lesbosen errefuxiatuentzat duen zentroari su eman zioten:

Igande berean, Euskal Herriko Zaporeak GKEko kideei ere egin zieten eraso.

Elkarretaratzeak Bilbon

Grezian, Turkian eta Balkanetan errefuxiatuek bizi duten egoeraren aurrean, mobilizazioak deitu ditu Bilbon Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak. “Europa erruduna” lelopean bi mobilizazio egingo dituzte martxoaren 4an, Turkiako kontsulatuaren parean bata eta Greziako kontsulatuaren aurrean bestea. Elkarretaratzeak 11:00etan eta 12:00etan izango dira, hurrenez hurren.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
Eguneraketa berriak daude