argia.eus
INPRIMATU
Kote Cabezudo argazkilaria epaituko dute, emakumeen aurkako 47 delitu egotzita
  • 21 emakumek jarri dituzte salaketak Donostiako argazkilariaren kontra, eta lau kasutan sexu askatasunaren aurkako delituak antzeman dituzte, Berriak argitaratu duenez.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 10a
Maiatzaren 4an Donostiako epaitegien aurrean lehen aldiz atera zuten kalera Cabezudoren aurkako salaketa. Egilea: Jose Ignacio Salazar

Kote Cabezudoren kontrako auzi nagusiaren instrukzioa itxi egin du Donostiako 4. Instrukzio Epaitegiak. Jualián García Marcos epaileak ikertu du kasua, eta 47 delitu leporatu dizkio. Argazkilaria auzipetuta, epaitu egingo dute, momentuz datarik jakinarazi ez duten arren. Berriak jakinarazitakoaren arabera, akusazio partikularrak espero du epaiketa udazkenerako hastea.

Cabezudok argazkilari gisa jardun zuen urteetan moda munduan, aintzatetsia zen bere jardunbidean, eta Gipuzkoako hiriburuko elite politiko eta enpresarialaren bueltan ibiltzen zen. Alabaina, azken urteetan ugari izan dira haren kontra salaketak jarri dituzten emakumeak, sexu abusuak edota beren baimenik gabe biluzik ageri ziren argazkiak zabaltzea egotzita.

Epaileak askotariko delituak antzeman ditu salaketa jarri duten emakumeen kasuetan: lautan, sexu askatasunaren aurkako delituak; bost kasutan, integritate moralaren aurkakoak; zortzitan, adingabeen galaraztea; hamahirutan, intimitatearen urratzea; eta hamazazpitan, iruzurra. Emakume batzuen kasuan, delitu bat baino gehiago identifikatu ditu.

Hainbat piezatako auzibidea

Itxi berri den argazkilariaren kontrako auzibidea hainbat piezatan banatua egon da. Urtarrilean egin zen lehen epaiketa, eta Cabezudo errudun jo zuten. Biluzik ageri zen emakume baten argazkiak sarean zabaltzea leporatuta epaitu zuten, eta epaimahaiak frogatu zuen sarean ageri ziren argazkiak Cabezudok atera zizkiola modelo aritutako emakumeari, orain 20 urte. Hertsatze delitua leporatu zion epaimahaiak, baita justiziaren lana oztopatzea ere. Akusazio partikularrak intimitatearen aurkako delitu bat ere leporatu zion arren, epaimahaiak absolbitu egin zuen.

Hertsatze delituagatik bi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten, baita 5.040 euroko isuna eta emakumeari eragindako kalte moralengatik 8.000 euroko kalte ordaina ere.

Cabezudo iazko maiatzetik dago behin-behinean atxilotuta, Martuteneko espetxean.