Amorante + Los Sara Fontan
Non: Portuko Ranpan, Ondarroa (Bizkaia)
Noiz: abenduaren 19an
-----------------------------
Kostaldean negua beti da hezea, eta hotza hezurretaraino sartzen denez, kaletik alde egiteko eskatzen du maiz gorputzak. Guk, ordea, Ondarruko porturantz hartu dugu bidea; nora eta herriko gunerik umelenera. Beti gustatu izan zait Portuko Ranpara iristeko egin behar den paseoa. Herriaren beste garai bat agerian uzten du kanpoko jendearen aurrean. Herri arrantzale baten oroitzapen bat, 90 itsasontzi zeuden tokian, dozena batera iristen ez den flota bat, eta hormigoizko eraikin handi batek brutalismo are eta bortitzagoz zapaltzen du dekadentzian dagoen sektore bat.
Portuko katuen begiradapean igo ditugu erdi ezkutuan dauden eskailerak. Iluntasuna barrako argi epelekin nahasten da. Eszenatokian egurrezko aulki zahar bat, pedalak, sintetizadoreak eta superheroi batena izan zitekeen kapa moduko bat. Gorri kolorekoa, artilezko bufanda moduko batekin gainean. Publikoa zain du Amorantek. Tronpeta eskuan igo da eszenatokira, eta hasi da esanez lagun, ezagun eta maite duen jendez inguratuta egingo duela gaurko kontzertua.
Esplikatzen zaila egiten zaidan zuzenekoa izan da hau ere; erritmo eta melodien bukle moduko batean murgilduta egon izanak denboraren nozioa lausotu dit eta konturatu orduko kontzertua bukatzear zen. Amorantek zeozer badauka bere izaera aldakorra da, eta horrek eramaten du zuzeneko bakoitza bakarra eta errepikaezina izatera. Inprobisazioarekin dabil etengabe jolasean; ez du soilik abesten, errezitatu egiten du, rapeatzen ere badaki, eta eserita dantzan egiten ere bai, gorputz guztiko muskuluak mugituta gainera.
Autotunearen beterano honek bidelagun asko izan dituela sumatzen dut, ez dira gutxi eta kontzertuan zehar agertu diren izenak: Mari Luz Esteban, Iñigo Astiz edota Jon Gerediaga. Azken horren Etxe ertzean poemaren hitzak abestu ditugu ereserki bat legez, hiru ahotsetara. Gogoratzen ez dudan beste abesti batekin bukatu du kontzertua, eta guztiok batera abesten egotetik, guztiok batera dantzan egitera pasatu gara. Abisu moduko bat, gorputzak mugitzen hasteko.
Ez dago hitzik Los Sara Fontanekoek egiten duten musikarako, ezta beharrik ere. Sara Fontanen izaera esperimentalak eta Edi Pouren energia polierritmikoak elkarrekin fusionatzeko duen moduak energiaz bete du lehen lerroa. Melodien antolamenduari etorri ahala gorputzean sartzen uzteko askatasuna eman diogu, are eta musikarien eta instrumentuaren artean sortzen den tentsio moduko hori, gure dantza egiteko moduan azaleratu dela. Biolinaren soinuak deserosotasun arraro batera eraman nau, instrumentua bera oihuka zebilela ematen zuen, minez bihurrituta, eskerrak bateriaren pultsuak leuntzen zituen soinu apurtu horiek. Hark, baina, ez zeukan erritmo egonkor bat. Batzuetan bultzatu egiten zuen biolina, besteetan lasaitu, eta askotan tarteko arrakalak sortu, espero ez genuenean isiltzen zenean.
Hainbeste soinu, zarata, erritmo eta emozio, ordu bete inguru iraun duen katarsi honetan. Drum and bass-aren erritmora dantzatzen amaitu dugu, beno edo horren deseraikuntza zirudien zerbait. Eta bukatzean, etxera bidean, amestu dut Ondarruko portuan rave bat, kaos kontrolatu bat, beste garai bateko arrasto artean.