Frantziako Konstituzioan aldaketa ekarriko lukeen 72.5 lege proposamena eztabaidagai dute Frantziako Legebiltzarrean, eta ekainaren 23an bozkatuko dute adosturiko testua. Ostegun honetan, autonomia estatutuak bideratuko lituzkeen eskumenei buruz eztabaidatzen dabiltza diputatuak.
Korsikarentzako autonomia estatutu bat emateko lege proposamen konstituzionala eztabaidatzen dabiltza astearteaz geroztik Frantziako diputatuak, eta lehen adostasun batera heldu ziren asteazken gauean. Dela "komunitatea" edota "aberria", kontzeptu garrantzitsu batzuei buruzko eztabaida luze eta korapilatsuak ukan ondoren, ondoko formulazioa onartu du gehiengoak: "Korsikak autonomia-estatutua du [Frantziako] Errepublikaren barruan, bere interes propioak kontuan hartzen dituena, mediterraneoko uhartearen ezaugarriei lotuta, hau da, erliebe menditsuari eta komunitate uhartetar, historikoari, linguistikari, kulturalari lotuta, zeinek Korsikako lurrarekin lotura berezia garatu izan duen". Hori horrela, hastapenean baino babes zabalagoa lortu du lege proposamenak, eskuineko errepublikarrek ere bat egin dutelako. Hala ere, eskuin muturra eta ultra-jakobinoak kontra agertu dira berdin-berdin. Bozketan, 107k alde egin dute eta 32k aurka.
Aitzina doa, beraz, Frantziako Konstituzioan aldaketa ekarriko lukeen 72.5 lege proposamena, eta autonomia estatutuak bideratuko lituzkeen eskumenei buruz eztabaidatzen dabiltza ostegun honetan. Eztabaida inportantea dute, hain justu, emendakin batzuk onartuz gero, mami anitz galduko lukeelako estatutuak. Ekainaren 23an bozkatuko dute adosturiko lege proposamena diputatuek, eta gehiengoak alde eginez gero, Senatuan jarraituko luke bozketak. Bukatzeko, Frantziako Kongresuaren bi herenen onespena jaso beharko du.
Oinarrian, zera dio lege proposamenak: batetik, Frantziako Legebiltzarrak edo Gobernuak Korsikako berezitasunetara egokitu ahal izanen lituzkete arauak. Bestetik, zenbait gairi dagokionez Korsikako kolektibitateak berak izanen luke bozkaturikoa egokitzeko ahalmena; eta gainera, lege- eta erregelamendu-izaerako arauak bozkatzen ahalko lituzke zenbait eskumen-eremuetan –gerora bozkaturiko lege organiko batek finkatuko lituzke eremu horiek–.
Hala eta guztiz ere azken hitza Parisek luke, eta 72.5 lege proposamenean argiki errana da Korsikako kolektibitateak egokitutako edo finkatutako arauak Frantziako Estatu Kontseiluak edo Konstituzio Kontseiluak kontrolatuko lituzkeela.
Adostasun batera heltzeko asmoz, nolabaiteko hautsi-mautsi bat da Parisen eztabaidaturiko lege proposamena. Ondokoa dio Libération egunkariari eskainitako elkarrizketan Korsikako Batzorde Exekutiboko presidente izandako Gilles Simeoni abertzaleak: "Gogora dezagun, lehenik eta behin, ez dela guk nahiko genukeen testu ideala. Gobernuarekiko eta estatuarekiko harremanean, eta Korsikako gizartearen baitan eraikitako konpromisoa da. Kontua da ea Legebiltzarrak balioztatuko duen prozedura guztiz demokratiko hori. Korsikan, berriz, zilegitasun paregabea du testuak. Bozkatuko ez balitz, porrota litzateke. Baita demokraziaren aldetik ere". Hori horrela, parlamentariek bozkatuko dituzten aldaketei zuhurtziaz begiratzen die Simeonik. Oraingoz eztabaida bide onetik doala adierazi du zenbait komunikabideei.
Aspaldikoa da Korsikaren burujabetzaren aldeko borroka eta abiadura bizkortu egin da 2022ko uztailaz geroztik. Hain justu, Yvan Colonna preso independentistaren heriotzak haserrea eta ezinegona piztu zituen irlan eta autonomia estatutua mahai gainean jarri zuen Parisek, pizturiko matxinadak baretzeko xedez. Negoziazioak abiatu eta 2024ko martxoan heldu ziren Frantziako Gobernuaren eta Korsikaren arteko adostasunera. Legeak moldatzeko eta egiteko eskumen gehiago bideratzearen alde egin zuten, baina autonomistek ez zuten lortu zenbait aldarrikapen historiko gauzatzea, besteak beste, korsikera koofiziala izatea eta "Korsikako herriaren" aitorpena.