271 diputatuk lege proposamenaren alde bozkatu dute, eta 202k kontra. Senatuan eginen dute hurrengo bozketa, Frantziako Kongresura eraman aitzinetik. Azken honek onartuz gero, botere legegilea eskuratuko luke Korsikak, baina ez lirateke beteko Korsikako nazionalisten eskari nagusiak.
Frantziako Asanblea Nazionalak Korsikaren autonomia estatutuari buruzko 72.5 lege proposamen konstituzionala onartu du astearte honetan. Egitasmoak aitzin egiteko gehiengo sinplea behar zuen, eta hala izan da; 271 diputatuk alde bozkatu dute, 202k kontra, eta 64 ordezkari abstenitu egin dira.
Orain, Senatuan onartu beharko dute testua, Frantziako Kongresura eraman aitzinetik. Senatuan ere nahikoa izanen da gehiengo sinplea eskuratzea, baina gehiengo kontserbadoreari egin beharko diote aurre. Kongresuan, berriz, hiru bortzenen onespena jaso beharko du egitasmoak; Frantziako Asanblea Nazionala eta Senatua daude bertan.
Autonomia estatutua onartuz gero, botere legegilea emanen lioke Korsikari, baina ez lituzke beteko Korsikako nazionalisten eskari nagusiak; korsikera ofiziala izatea, “Korsikako herria” aitortzea, eta egoiliar estatusa ematea, bertzeak bertze.
Berria egunkariak adierazi duenez, Gilles Simeoni Korsikako gobernuburuari elkarrizketa egin diote France 3 Corse katean, eta hunkituta adierazi du “amestutako zerbait” zela astearte honetako lorpena: “Emakumeen eta gizonen hainbat belaunaldik borroka egin dute hau gertatzea posible izan zedin".
Frantziako Barne ministro Gerald Darmanin ere gogobeteta agertu da X sare sozialean idatzi duen mezuan: "2022an Korsikako gazteei emandako hitza bete da; demokrazia eta parlamentuko eztabaida nagusitu dira".
Aurrez, Korsikako hamar alkatetatik zazpik, 258 alkatek, Frantziako Asanbleako 577 diputatuentzako gutun bat sinatu dute, lege konstituzionalaren testuari babesa emateko bozketan.
EH Baik, bere aldetik, nabarmendu du astearte honetako emaitza "aitzinamendu garrantzitsua" dela Korsikako herriarentzat eta “estaturik gabeko herriarentzat”. Gainera, dei egin die euskal eragileei eta hautetsiei, “Ipar Euskal Herriaren estatus politikoaz eztabaidatu eta adostasunak eraikitzeko”.
Aspaldikoa da Korsikaren burujabetzaren aldeko borroka, baina abiadura bizkortu egin da 2022ko uztailaz geroztik. Hain justu, Yvan Colonna preso independentistaren heriotzak haserrea eta ezinegona piztu zituen irlan, eta autonomia estatutua mahai gainean paratu zuen Parisek, piztutako matxinadak baretzeko xedez.
Negoziazioak abiatu eta 2024ko martxoan heldu ziren Frantziako Gobernuaren eta Korsikaren arteko adostasunera. Geroztik, gobernuarekin proposamena eztabaidatzen eta aldatzen ibili dira; guztira, 95 zuzenketa aztertu dituzte. Elkarrizketa prozesu horren emaitza da, neurri handi batean, diputatuek astearte honetan bozkatu duten egitasmoa.