Asanblea Nazionalean onartutako Korsikarentzako autonomiaren testua oso murrizturik iritsi da Senatura, hainbat emendakin jaso ostean, eta azkenerako atzera bota dute, 184 boto kontra eta 134 alde jasota.
Frantziako Senatuak atzera bota du Korsikarentzako autonomia ezartzeko proposamena, astearte honetan egindako bozketan. Eskuindarren menpe dagoen ganberan, 184 kontrako boto jaso ditu testuak eta 134 alde. Hala, 2022an hasitako prozesuak bidea amaitu du.
Ekainean Asanblea Nazionalak lege proposamena onartu zuen, eta Senatuak onartzea zen hurrengo urratsa. Baina hainbat senatari eskuindarrek jarritako emendakinen ondorioz, autonomiarako proiektuaren mamia erabat desitxuratuta gelditu zen. Hala, korsikar herriaren izaera baieztatu beharrean, "ondare" gisa baizik ez zuen aurreikusten testuak. Gainera, Korsikan arauak onartu ondotik, kasuz kasu, Parisen baimena beharko lukete martxan jartzeko.
Hori horrela, korsikar alderdi autonomistek proiektua "hiltzat" jo dute, eta Senatuko bozketan hori ere islatu da, prozesua utzi eta ganberatik alde egitea erabaki baitute: "Ez diegu gure duintasuna kentzen utziko", esan du Gilles Simeoni Korsikako Kontseilu Exekutiboko presidente, Bastiako alkate ohi eta Inseme per a Corsica (Elkarrekin Korsikaren alde) alderdiko buruzagiak.
Gehiengo "arkaikoa", autonomiaren aurka
2022an Yvan Colonna preso independentistaren heriotzak piztutako haserrearen ondotik, irlan autonomia ezartzeko aukera zabaldu zuen Parisek, eta Beauvau prozesua abiatu zuten. Simeoni izan da prozesu horren bultzatzaile nagusietako bat, Paulu-Santu Parigi senatari eta korsikar idazle abertzalearekin batera.
"Gaur gauean, gehiengo arkaiko batek erabaki du pazientziaz eta esperantzaz eraikitako akordio politiko orekatu bat deuseztatzea", esan du Parigik astearte goizaldean, autonomia proiektua murrizteko senatarien emendakinak onartu direnean.