Ingurumen-inpaktuaren berri izateko eta, hurrengo edizioei begira emisioak murrizteko egin du azterketa Lander Crespo klima adituak. Garraioa izan zen Korrikako azken edizioan isurketa gehienen jatorria.
Korrikak zenbateko karbono-aztarna sortzen duen aztertu du Crespok, eta emisioen %69 garraioaren ondorioz sortzen dela ondorioztatu du aurtengo edizioaren datuak bildu ostean. Ikerketaren arabera, amaiera-egunean gertatu ziren isuri handienak, bereziki jende pilaketagatik eta ekitaldira joateko autoen eta autobusen joan-etorriengatik.
Amaierako ospakizunean milaka partehartzaile bildu izana eta horiek erregai fosilen bidezko ibilgailuak erabiltzea izan dira karbono isurketen erantzule nagusiak. Korrikaren gainontzeko ekitaldietan baino eragin handiagoa izan du garraioak ingurumenean. Hala azaldu zuen asteazkenean Crespok Bilboko Kalderapeko tabernan egindako aurkezpenean.
Salmentarako produktuek ere isurien %19 sortu zuten, hala nola, arropak edo bestelako produktuek. Hala eta guztiz, aipatu beharrekoa da beste faktore batzuk ikerketatik kanpo geratu direla: elektrizitatea, azpiegituren muntaketa, ur-kontsumoa eta abar.
Korrikako antolatzaileek adierazi dute ikerketa “lagungarria” izango dela ekintza jasangarriak identifikatzeko eta emisioak gutxitzeko. Isuriak murrizteko helburuarekin bi proposamen aurkeztu dituzte: batetik garraioaren erabilera optimizatzea, eta bestetik, salmenta produktuen ingurumen inpaktua txikitzea. Korrikaren balioetako bat “ingurugiroaren babesa defendatzea” dela nabarmendu dute antolatzaileek eta haren kontrako jarduerak gutxitzen saiatuko direla esan dute.