ARGIA.eus

2020ko abenduaren 01a

Korrika Euskal Herrian barrena dabil euskaltzaletasuna sustatzen

  • Euskararen aldeko maratoi erraldoia, hizkuntza baten alde munduan egiten den ekimen handiena hasi da. 20. edizioa du Korrikak eta 2.500 kilometro egingo ditu Otxandiotik Iruñera. Martxoaren 30etik apirilaren 9ra arte emozioz eta gogotsu helduko diote lekukoari euskal herritarrek.

ARGIA @argia
2017ko martxoaren 30a
"Erriberan Foruzaingoa hurbildu zitzaigun furgonetara Korrikako txapa eta pegatina eske"

Angela Rico Herreria (Laudio, 1982) Korrikako furgonetan ari da zeharkatzen Euskal Herria. Euskararen aldeko ekimenaren bitxikeriak eta abenturak kontatu ditu.

Ostegunean abiatu zinen furgonetan Korrika. Nolakoa izan zen Otxandioko hasiera zuretzat?

Ostegunean atera ginen Otxandiotik. Oso hunkigarria izan zen, jende mordoa zegoen. Otxandioko jendeak sekulako lana egin zuen, miresgarria da benetan. Gaua luze egin zitzaigun, goizean goiz hasi ginelako, 4:00ak arte.

Bi talde zaudete uneoro furgonetarekin martxan. Zein da zuen zeregina? 

Denetarik egiten dugu: gidatu, mikrofonotik animoak eman, kopiloto lanak, behar denean pankarta zabaldu eta jaso...

Euskal Herria puntarik punta zeharkatzen zabiltzate. Zerk harritu zaitu gehien?

Jendearen harrerak. Sekulakoa izaten ari da herri txikietan eta hirietan. Jendeak asko sinistu eta maite du euskara, bestela ez genituzke bidean hainbeste lagun topatuko! Goizeko 3:00etan Bernedon emakume bat agertu zitzaigun menestra lapiko batekin eskutan furgonetakoentzat, guretzako prestatu zuen!

 "Sekulakoa izaten ari da jendearen harrera. Goizeko 3:00etan Bernedon emakume bat agertu zitzaigun menestra lapiko bat guretzat prestatu zuela esanez"

Hamaika ikusteko jaioak gara! Zenbat bitxikeria topatu dituzue bidean?

Erriberan polizia forala hurbildu zitzaigun furgonetara korrikako txapa eta pegatina eske. Gasteizen emakume batek hartu zuen lekukoa, eta urduritasunagatik lekukoa furgonetan sartu behar zuela pentsatu zuen. Han ibili zen jauzi eta jauzi gu harrapatu nahian, gure atzetik joan behar zuela ez zuen ulertu!

Lekukoa eskuz esku dabil martxoak 30az geroztik. Hain gertu izanda, hartzeko aukerarik izan al duzu?

Oraindik ez. Laudioko kilometroa AEKko lankideekin batera egin nahiko nuke, baina orain arte ez dut momenturik izan.

Apirilaren 9an Iruñean bukatuko da Korrika. Zein irakaspen utzi dizu esperientziak?

Taldean sekulako giroa dugu. Ni naiz furgonetako talde honetako kide berri bakarra, oso ondo hartu naute. Lana badugu baina oso ondo pasatzen dugu. Garrantzitsua da umorea horrelako momentuetan!

Albiste hau Aiaraldea.eus-ek argitaratu du eta CC by-sa lizentzia baliatuta ekarri dugu ARGIAra

Bideoa: "Nafarroan aldaketa euskararen egoeran ere eman behar da"

Ikusi bideoa: www.argia.eus/multimedia/erreportajeak/nafarroan-aldaketa-euskararen-egoeran-ere-eman-behar-da

Korrika igandean amaituko da Iruñean, eta euskararen aldeko lasterkak aukera paregabea ematen digu Nafarroan gure hizkuntzak duen egoera aztertzeko euskalgintzarekin. Horretarako, Xabi Gartzia (AEK), Zigor Etxaburu (Kontseilua) eta Sergio Iribarren (Sortzen) euskalgintzako kideekin bildu gara Nafarroako Gobernuak bi urte hauetan eman dituen urratsak aztertzeko.

BIDEOA: Korrika Xiberoan

Ondorengo estekan ikusi: www.argia.eus/multimedia/solasaldiak/korrika-xiberoan

Xiberoko euskaldun talde batek proposaturik, euskara eta korrika jorratu dituzte Kanaldude Zuzenean emanaldian.

Maite Davant eta Artzen Letona animatzaileek gomita andana bat izan dute beren aitzinean, besteak beste Bixente Claverie AEKko langile eta Korrikako zuzendaritzako partaidea, laugarren korrikan lekukoa ereman zuen Jakes Agergarai, musika eskolako Soisic Pino, bertsolaritza munduan ezaguna den Xan Alkhat eta abar. 

Ostegun arratsaldean sartuko da Korrika Bilbon

Ibilbidean aurrera doa Korrika eta ostegun honetan izango du segur aski ibilbide osoko egunik jendetsuenetakoa. Bilbora iritsiko da euskararen aldeko lasterkaldia, Euskal Herriko hiririk jendetsuenera. 19:30ean iritsiko da erdialdera, baina guztira sei ordu egingo ditu Bizkaiko hiriburuan.

Zoro zoragarri horiek

Munduan hizkuntza baten alde egiten den ekimenik handiena dugu Korrika. Milaka ume, nerabe, gazte eta gaztetasuna pilatuta dutenek egiten dute posible bi  urtean behin. Gehienetan jendetzaz inguratuta eta bestetan gauez eta bakarka. Eskurik esku dabilen aldarriak etenik izan ez dezan. Denak dira beharrezko. Eta halaxe erakutsi dute goizaldeko 5:25ean Nafarroako Erriberako Murillo de las Limas herriaren inguruan lekukoa eraman duten bi gazteek.

Argazkia: Gari Garaialde (Bostok Photo)
Testua: Axier Lopez

Dino Korrika: adinekoak ere ttipi-ttapa

Hernanin Korrikaren edizio berezia egin dute bertako adinekoek, "Dino Korrika". Astelehen arratsaldean herriko helduenak atera dira kalera, horietako zenbait hastapeneko Korrika antolatzen ibilitakoak. "Duina esan nahi du dino hitzak –azaldu du Urumeako Kronikak–, eta hori da irudikatu nahi dutena: errespetua merezi duena. Izan ere, Korrika berreskuratu eta bizirautea lortu zuen belau­nal­dia osatzen dute, bertan parte hartuko dutenek".

Hemen argazki batzuk:

 

Asteburuko argazkirik onenak

Araba, Nafarroa hegoalde, Lapurdi eta Nafarroa Behereko lurrak igaro ditu Korrikak ostegunean Otxandiotik abiatu zenetik. Hona AEK-k sareratu dituen argazki ederren artean hautapen bat.

 

Korrikaren lehenengo eguna iruditan

Otxandion eman diote hasiera 20. Korrikari, Joseba Kanpo Korrikaren sortzailearen omenean. Iluntzerako Gasteizera heldu da eta Arabako hainbat herritatik pasa ostean Nafarroan sartu da goizean, Lizarraldetik. Eguerdian Tafallara helduko da eta handik Erriberara joko du. Erriberatik Tafallaldera joango da berriz ere, larunbat goizean.

Korrikaren lehen egunak utzitako irudiak:

Iturria: Euskalakari AEK

HASI DA KORRIKA

Mezu sekretua lekukoan sartu du Asier Amondok eta hasi da Korrika. Lehen kilometroa egin dute korrikaren sortzaileen omenez eta ondoren hiriburuetako alkateak, Otxandioko haurrak... pixkanaka badoaz aurrera. 2.500 kilometro daude aurrean.

 

Aurreskua lekukoarekin

Lehen korrika hartan zeudenak eta orain ez daudenak gopgoratu dituzte "ideia zoro zoragarri hura" martxan jarri zutelako. Lekukoarekin aurreskua.

 

Iñaki Urkijo: "Mila esker 1980ko abendu hotz hartan euskararen epela herrietara eraman zenuten batzordeetako kideei"

Iñaki Urkijo, Bizkaiko AEK: "Mila esker korrika sortzaileei, zuei txalo zaparrada, lasterketa hau 1980an habiatu zenuten karrerak sendo irauten duelako. Eskerrikasko abenduko egun hotz haietan herriz herri euskararen epela zabaldu zenuten herrietako kide guztiei".

Korrika zer den munduko hamaika hizkuntzatan

Iaz ARGIAk martxan jarritako ekimen bati esker Korrika zer den azaldu genuen munduko hamaika hizkuntzatan. Hizkuntza baten alde egiten den ekimen handiena da eta ikusgarritasun hori emate aldera itzuli genuen testua hainbat txokotako lagunei esker.

Korrikaren gure kanalean aurkituko dituzu guztiak: http://www.argia.eus/korrika

Alberto: "Zaratamotik nator, aurreko Korrikan Urepelera joan ginen eta aurten ere animatu gara. Lehenengo eta azkeneko kilometroa egingo dut".

Txalo zaparradarekin hasi da ekitaldia

"Gaur euskaraz bizi zaretenon ahalegina eskertu nahi dugu, hori da bat egitea, hainbat talde ari zarete Otxandion bertan eta euskal Herri osoko euskaltegietan euskaldundu nahian. Txalo zaparrada zuentzat".

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Korrika

Korrika kanaletik interesatuko zaizu...





Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude