Kopiatu eta itsatsi al daiteke Maduroren bahiketa Asian?

  • Ez da luzaro itxaron ez txinparta biziro hauspotu behar izan, galdera behintzat, askoren ahotan ager dadin: zer gertatuko litzateke antzeko zerbait egingo balu, demagun, Txinak? Eta, jakina, hartarako ia denek hautatu duten balizko biktima Lai Ching-te, egungo Taiwango presidentea da.


2026ko urtarrilaren 7an - 11:35
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Gizalegearen eta moralaren ikuspegitik heldu diote askok gaiari: berdintsuak edo oso bestelakoak izango ote lirateke jarrerak halako baten aurrean? Zergatik? Baina beste batzuen itauna askoz zuzenagoa izan da: gerta ote daiteke Maduroren bahiketaren kopiatu-itsatsi bat Txina eta Taiwanen artean?

Esan gabe doa tenore guztietako iritziak sutu dituela Trumpek, bere armada ofizialaz baliatuz, burutu duen nazioarteko eraso eta hilketa/bahiketak. Batzuen ustez, Pandoraren kutxaren ataka ireki da, eta hemendik aurrera edozerk balioko du edonon. Edo behintzat, nazioarteko zuzenbidea pikutara bidali da eta tentsioak biderkatu egingo ditu.

Beste batzuek, ordea, ekintzaren balizko onurak ere aintzat hartu nahi izan dituzte. Eta gertatu dena egungo Taiwango agintarientzat onuragarria izango dela deritzonik ere bada.

Balizko “kopia-gaia” zertan datzan argitu beharko da, haatik, lehendabizi. Maduroren bahiketaren inguruan haizatu diren inguruabar askoren egiatasuna zalantzagarria baita, eta argitu ez diren beste egitate asko ere badaudela susma liteke. Baina, datu egiaztagarriak mahairatu ahala, gero eta nabariagoa da orain egikaritu den bahiketa-operazioa urrian edo porrot egin zuen aurrekari “dotoreago” baten ordezkoa izan dela.

Orduan, Maduroren hegazkin-pilotua erosi nahi izan zuten, hura Estatu Batuetara eraman zezan. Baina pilotuak, nonbait, uko egin eta salatu egin zuen ahalegina. Une bertsuan jazo zen Alvin Holsey almirantearen dimisio arraroa, “narkotxalupen” kontrako erasoak zirela eta arrazoitu zena, baina seguruenera beste zergatiren bat ere izan zuena.

Inguruabar garrantzitsua da Maduroren bahiketaren balizko “aurrekari dotoreago” horrena, kopiatu-itsatsi baten bideragarritasunaz hitz egiterakoan. Txina eta Taiwan (edo Filipinak) ez beste herrialde asko ere sarrarazten dituelako halako zerbaiten protagonista-gaien loterian. Beharbada, hemendik urte batzuetara, Ipar Koreako Kim ez da aurkituko hain bakarti bere tren-zaletasunean.

Edonola ere, apustu egin liteke Xi eta Lairen artean ez dela gertatuko Trump eta Maduroren artekoa bezalakorik. Eta ez soilik, ezta ere nagusiki, Maduroren bahiketa gaitzesteko Txinak erabili dituen hitzen tiesotasunagatik. Sakonagoko zerbait dela esango nuke, betiereko kultura politikoan errotua dutena: epe motzeko abantailak lortzeko amarruak erabiltzearen antzutasuna ezagunegia dutela edo...

Eta taiwandar piloturen bati, bere kabuz, otuko balitzaio halako zerbait egitea, komeniko du aldez aurretik “Xi’ango gorabehera” historikoaz oroituz aritzea.


Txina kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin