argia.eus
INPRIMATU
Kopa eta kulero menstrualak doan Katalunian
  • Kopa baten, kulero menstrual baten edo konpresa berrerabilgarri pare baten artean aukeratu ahal izango da.

Ainara Rodil Jaime 2024ko martxoaren 05a
Kataluniako farmaziek kopa eta kulero menstrualak ematen dituzte doan. /Argazkia: Generalitat

Generalitateak bultzatutako 2023-2025 arteko kanpaina da, eta astelehen honetan, martxoaren 4an, jarri da abian. Farmazia Elkargoen Kontseiluaren eta Katalunian dauden 3.284 farmazien laguntzarekin.

Jordi Gol i Gurina Lehen Mailako Arretako Ikerketa Institutuaren azterlan baten arabera, emakumeen % 55ek produktu berrerabilgarriak erabiltzen ditu. 26 eta 35 urte bitarteko emakumeen % 64k dio "gehienek" produktu berrerabilgarriak erabiltzen dituztela, baina zifra hori % 20 baino gutxiagora jaisten da adineko emakumeen eta nerabeen artean.

Abantailak

Hilekoaren inguruko produktu berrerabilgarriak hainbat abantaila dituela adierazi dute. Horietako bat da hondakin plastikoen kantitatea murriztea ahalbidetzen dutela. Izan ere, elDiario.es-ek esan du Katalunian bakarrik urtean bederatzi tona hondakin sortzen direla erabilera bakarreko konpresa eta tanpoietatik. Gainera, osasunarentzat hobeak dira, "ez dutelako gorputzak xurgatzen dituen eta infekzioak eragin ditzaketen mikroplastikoak eta kimikoak askatzen", Jesus Higueras farmazialarien hitzetan.

Gastuak

Emakume batek 2.500 eta 8.000 euro artean gasta ditzake hileroko produktuetan bizitza osoan, eta kopuru hori nabarmen murrizten da berrerabil daitezkeen produktuekin, batuta 144 eurokoa da, hasierako inbertsioa handiagoa bada ere (20 eta 40 euro artekoa), bost urteko balio-bizitza dutelako.